Argudio horiek oinarri hartuta, Ipar Euskal Herria elkargoa taxutzen ari den Hautetsien Gidaritza Batzordeari eskakizun argiak egin dizkio Euskal Konfederazioak gaur goizean.
Batetik, erakundearen sorreratik bertatik, hizkuntza politikaren eskumena bere gain hartzearena. Bigarrenik, politika «orekatu eta anbiziozkoa» abian jar dezala, «lurralde hizkuntza» gisa aitortua izan dadin. Hirugarrenik, tokiko erakundeen egituraketa moldatu duten NOTRe legeak «eskumen partekatua» izaki, erakunde guztien (Estatua, Erregioa, Departamendua, Elkargoa, herriak) zer egitekoak zehaztu behar direla uste dute.
Horrekin batera, Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika zehaztu eta bertako partaideek berea ere definitu dezaten laguntza emateko eskatzen dio Elkargo berriari Euskal Konfederazioak, era horretan «zeharkakotasuna» bermatzeko.
Esperimentazioei zabalik
Hizkuntz lege orokor bat aldarrikatzen segiko duten arren, hori itxaron gabe, lege esparruan euskara berreskuratzeko egin daitezkeen «esperimentazioak» bere zereginetan integratu ditzan ere eskatu dio Elkargoari. Azkenik, diru baliabideen eskasa gaurdanik errebisatzeko galdegin du euskaragintzan diharduten eragileen konfederazioak.
Bide-orri hori kontuan hartu eta xede horiekin guztiekin lantalde berezia osatu dadin bere ekarpena egiteko prest azaldu dira Baionan egindako agerraldian.