UEU
Elkarrizketa
Irati Iciar
UEUren udako ikastaroen arduraduna

«Udako ikastaroek berezitasun hori dute: alde batetik malgutasuna eta bestetik udak ematen duen informaltasuna»

Balorazio unea da Irati Iciar, UEUren Udako Ikastaroen arduradunarentzat. Urtean zeharreko zurruntasunetik atera eta gaiekin eta formatuen aniztasunarekin askatasunez jolasteko aukera ematen dutela adierazi digu.

Irati Iciar.
Irati Iciar.

Apustu estrategikoa egin du aurten UEUk udako ikastaro gutxiago eskainiz. Ikastaroak indartu eta formatu ezberdinak lantzeko hautua izan da.

Gaietan aniztasuna urteroko ezaugarria izan da, baina aurtengo berritasun nagusia gai horiek lantzeko formatuetan datza. Orain arte bi edo hiru eguneko ikastaroak izan dira gehienak, eta aurten, egun bakarrekoak ere izan dira asko. Bestalde, tokietan ere aniztasuna egon da, eta hori izan da ikastaro gutxiago eskaintzeko arrazoi nagusia: toki ezberdinetan egoteak eskatzen du antolakuntza aldetik dena oso lotua izatea, baliabideak mugatuak eta ezberdinak direlako toki bakoitzean. Ikastaro gutxiago, toki gehiagotan; nik uste ongi hartu dugula neurria. Parte hartzean ere islatu da hori, azken urteotako handiena izan baita: 560 matrikula inguru eta 120 bat irakasle.

Profesional, elkarte eta erakundeen arteko elkarlanaren ondorio dira ikastaroak. Kasu askotan, urtetik urtera errepikatu izan duzue elkarlan hori; adibidez, bigarren aldiz antolatu duzue ikastaro bat Jakin aldizkariarekin.

Urtero daude profesionalekin elkarlanean antolatzen ditugun ikastaroak, bai hezkuntza alorrekoak, bai beste alor batzuetakoak. Adibidez, zuzenbide zibilari buruzko ikastaroa UPV/EHUko hainbat irakasleren ekimena izan da, baina abokatuek ere hartu dute parte. Elkarte edo erakundeekin antolatzen ditugun ikastaroak ere badaude, esaterako, ALDEE (Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea) edo Jakin aldizkariarekin. Eurek jartzen dute edukia, eta guk, markoa. Elkarlana oso erosoa izaten da, konfidantza egoten delako: guk badakigu edukiak ongi landuko dituztela akademikoki, beraiek baitira adituak; eta beraiek ere konfidantza izaten dute gugan, eduki horiek lantzeko ematen dizkiegulako baliabideak, bermeak, komunikazio plana,.. beren lana borobiltzeko behar dutena.

Azpimarragarria da beste hiru unibertsitaterekin, UPV/EHU, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean ere antolatu dituzuela ikastaroak.

Orain arte ez dugu hain elkarlan zuzena izan beste unibertsitateekin: bertako irakasleekin bai, baina unibertsitateekin beraiekin ez. Orain hitzarmenak sinatu ditugu hiruekin, eta edukiz bete nahi izan ditugu. Udako ikastaroak elkarrekin antolatzea izan da lehen esperientzia, eta egia esan, oso polita izan da, batez ere, aipatu dudan konfidantzarengatik: euren errekonozimendua sentitu dugu.

Lehen urratsa da, beraz. Nola uste duzu eboluziona lezakeela unibertsitateen arteko elkarlan horrek?

Jarraipena eman behar zaio, ezinbestean. Ezin da urte bateko lorea izan. Ez dut esan nahi urtero, derrigorrez, udako ikastaroak antolatu behar ditugunik, baina jarduera akademikoren bat, bai. Liburugintzarako hitzarmenak ere baditugu, eta alor akademikoan egin dezakegu aurrera orain.

Aktualitateari estuki lotutako ikastaroak egon dira: Nafarroako aldaketa politikoa, kulturaren autodeterminazioa, haurren transexualitatea,.. ohiko unibertsitateetan lantzen ez diren gaiak dira.

Udako ikastaroek berezitasun hori dute: alde batetik, malgutasuna, puri-purian dauden gaiak lantzeko aukera; eta bestetik, udak ematen duen informaltasuna. Urte osoko ikastaro zurrunak gainditu, eta elkarlanerako, elkar ezagutzarako, sareak osatzeko formatu egokia izaten da. Udako ikastaroak oso gureak izaten dira, oso UEUrenak: ia edozer egin ahal izaten dugu.

Alor teknikoagoetako profesional eta eragileen topagune ere izan dira ikastaroak.

Itzulpengintza, matematika, arkitektura, ingeniaritza, zuzenbidea eta agroekologiari buruzko profesionalen bilkurak izan dira, besteak beste. Alor horietan dabiltzan aditu eta profesionalek aukera izan dute beraien ikerketa eta esperientziak partekatu eta eztabaidatzeko. Azken urteetan formatu honetako jardueren aldeko apustua egiten ari gara.

Topagune horietatik aterako dira beste hainbat proiektu, ala?

Asko izan dira. Adibide moduan Joxemi Zumalabe Fundazioaren Bor Bor (K) formazio plangintza aipatu dezakegu. Hiru edo lau udako ikastarotan herrigintzari buruzko ikastaro eta tailerrak eman zituen, UEUrekin zein beste erakunde batzuekin. Esperientzia horren ostean, formazioa trinkotu nahi izan dute, eta bertatik abiatu dute Bor Bor (K).

Zer funtzio dute udako ikastaroek?

UEUren Udako Ikastaroak trukatu, esperimentatu eta elkarregintzarako tokia direla esango nuke. Hausnartu eta ausartzeko gune bat. Urtean zeharreko zurruntasunetik atera eta gaiekin eta formatuen aniztasunarekin askatasunez jolasteko aukera ematen digute.

UEUk proposatzen duen euskarazko on-line unibertsitaterako proiektuak ere filosofia hori segitzen du, ezta?

Bai. Azken finean, gizarteari egiten diozun eskaintza bat da, eta ulertu behar duzu gizarte hori nola mugitzen den eta nola funtzionatzen duen. Gaur egun, etengabeko formakuntzan dabilen jendea, batez ere, ikasketak amaitzen eta edo amaitu berri dago, edo lan munduan integratuta dago. Orduan, ezinbestekoa da beren egoerara egokitzea. Zentzu horretan, esperimentua egin genuen, baina udako ikastaroek on-line ez dute funtzionatzen: udakoen zentzua, alde informal eta pertsonal hori, galdu egiten dute. Urte pare batez egin genuen saiakera; dena on-line egin behar zenez, udakoak ere, on-line. Baina galdu eginten zuten zentzua, erabat.

Jendeak topagunea bilatzen du, orduan, ez?

Eta guk ere bai. Ez da kasualitatea bost ikastaro aldi berean eskaintzea, Markeskoa Jauregia topera. Guk nahi duguna da jendeak elkar ikustea, eta ulertzea proiektu integral batera datozela: UEUra datozela.

Gaur egungo eskaintza akademikoan dauden hutsunean betetzea bilatu du, beraz, UEUk, bai udakoen bai on-line proposamenaren bidez?

Bai, udan zein urtean zehar Markeskoan eskaintzen diren ikastaroetako partaide gehienak langileak izaten dira eta badatoz formatzera, ikastera, trebatzera. On-linekoak erraztu egiten du lanean dabilen jendeak ere parte hartzea.

Udakoetan 44 urtez izandako esperientzia izan daitezke on-line unibertsitate horretarako trebakuntza edo eskola UEUrentzat.

Eta nik uste on-line unibertsitate horrek ere udakoen informaltasuna beharko duela, eta alde presentziala izango balu, udakoetan izan liteke, urtean zehar landutakoaren osagarri. Azken batean, gure komunitatea oso txikia da, eta elkarrengandik oso gertu gaude. Bideragarria izango litzateke. Balio erantsi bezala ikusten dut aukera hori: beste on-line unibertsite batzuk eskaintzen ez duten balio erantsia.