Nagore Belastegi Martin
Elkarrizketa
Nerea Mendizabal
Hezitzailea

«Jokaera guztien atzean behar bat ezkutatzen da, bai haurretan eta bai helduetan»

Mehatxuak eta zigorrak alde batera utziz, haurrak hezteko modua proposatzen digu. Errespetuan hezten diren umeak errespetuan biziko dira.

Zigorrak izan ohi dira umeei lezioak emateko tresnarik arruntenak, baina hezitzaileei esker beste bide batzuk badaudela ikasten ari gara azken urteetan. Permisibitatean erori gabe, haurrarekin harreman atsegina garatzeko gakoak ematen ditu Nerea Mendizabalek. Pasa den astean Baionan izan zen Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako bi eguneko ikastaroa ematen.

Zertan datza zure proposamena? Soluzio «baketsu» bat dirudi, guraso eta haur askorentzako arnasgune bat.

Nire proposamena Marshall Rosenbergen Komunikazio Ez Bortitzaren ereduan oinarritzen da. Guraso edo hezitzailearen eta haurraren arteko elkar ulertzea sustatzeko erremintak barneratzean datza, helduaren eta haurraren artean sintonia edo konexio gehiago egoteko.

Orain arte harremanetarako hainbat estrategia erabili ohi ditugu egoerak konpontzeko, mehatxu, derrigortze, zigorren… bidez, eta sarritan ez digute laguntzen edo ez gaituzte asetzen. Proposamen honek beste bide bat zabaltzen digu, lehentasuna elkar ulertzea izan dadin. Elkar ulertze horretatik sortuko dira irtenbide desberdinak haur zein helduei gertatzen zaienari erantzuteko.

Zein adinetatik aurrera jar daiteke praktikan?

Jaiotzen den unetik. Hitzezko komunikazioa ez dugu erabiliko hasieran, baina guraso bat haurra jaiotzen den unetik naturalki komunikatzen ari da haurrarekin. Haurra negarrez badago, pentsatu dezakegu gosea duela, deseroso dagoela, mina duela, aspertuta dagoela, logura duela… nahiz eta guk haurrarekin dialogorik ez dugun izaten, hilabetetako ume batek ezin digulako esan zer gertatzen zaion, nire atentzioa bere beharretan jartzen ari naiz egoera horri soluzioa eman ahal izateko. Uste badut gose dela, ba jaten emango diot eta lasaitzen bada badakit hori zela.

Umearekin enpatiaren bidez komunikatzen naiz, zer esan nahian dabilen intuitzen eta horren arabera bere beharrak asetzen laguntzen.

Gurasook hau hasieratik egiten dugu eta horrekin jarraitu dezakegu. Arazoa da handitzen diren heinean hitzen bidez ere komunikatu ahalko naizela. Jaioberritan egoera batzuetan naturalki ateratzen zaiguna pixkanaka galdu egiten da, hezteko moduan erakutsi dizkiguten paradigmengatik. Kuestionatzen hasten gara: negarrez dago eta negar egiten duen bakoitzean ematen badiot nahi duena, agian gaizki ohituko da, eta negarrez ari da nahi duena lortzeko. Hezteko ereduen inguruko gure usteak sartzen dira hor. Enpatizatu ordez interpretatzen hasten gara.

Beraz, beti erabil daiteke teknika hau.

Bai, noski, eta edozein harremanetan. Batak eta besteak nahi dutena bat datorrenean, dena ondo doa. Arazoa hasten da haurrak gauza bat nahi duenean eta gurasoek beste bat, enpatizatzeko arazoak sortzen direlako.

Guri gertatzen zaiguna argitu eta bestearen enpatia horretatik beharrezkoa dugunean mugak jartzen ditugu (eredu honetan mugak jartzeak ere lekua baitu), bioi gertatzen zaiguna zainduz. Mehatxu edo zigorrak tartean sartzen direnean, eten bat gertatzen da gure harremanean, eta sarritan ez dira eraginkorrak, edo gutxienez ez dira gustukoak inorentzat. Baliabideak barneratzea behar dugu, gure arteko harremana puskatu gabe eta modu eraginkorrean kudeatuz.

Zer gertatzen da haurrak behin eta berriro gauza desegoki bat egiten duenean?

Espazio berri bat eraikitzeak lagundu gaitzake. Jokaera guztien atzean behar bat ezkutatzen da, bai haurretan eta bai helduetan. Kontua da behar hori asetzeko hartzen ditugun bideak ez direla beti egokiak. Haur bat jokaera bat izaten ari bada etengabe, nahiz eta ez egiteko eskatu, esan nahi du behar hori asetzeko ez duela beste modurik aurkitzen. Edo ez daki edo ezin du edo galduta dago. Ume bati zerbait ez egiteko esatean bere jokaera aldatu nahian gabiltza, baina jokaera ez da aldatuko jokaera hori egitera bultzatzen duen behar hori zaintzeko edo asetzeko beste ezer egiten ez dugun bitartean.

Demagun haur bat beste bat xirikatzen, jotzen edo iraintzen ari dela etengabe. Ez jotzearen inguruko muga jarri ostean haurrari zergatik egiten duen hori galdetzea baino guk geuk imajinatzeak lagundu gaitzake. Atentzioa edo entretenimendua behar duela izan daiteke, erreferentzia seguru batzuk behar dituela… atentzioa behar badu eta ez badiogu atentzioa modu goxo batean ematen, haur horrek atentzioa deitzen jarraituko du. Autoko gasolina depositoa hutsik dagoenean, betetzen ez badugu aurrera egingo ez duen bezala. Pertsona batek ezin du atentziorik gabe bizi, jan gabe bizi ezin daitekeen bezala.

Beraz, atentzioa deitzeko jokaera desegoki bat egiten ari bada, atentzioa behar du egiten ari dena egiteari uzteko. Askotan, gure hezteko paradigma ohikoei jarraituz, atentzioa deitzen ari denez, errieta egitea edo ignoratzea dela onena esango genuke, berdina egiten jarraituko duen beldurrez. Kontua da, atentzioa behar duen bitartean jokaera desegokiekin jarraituko duela, atentzioa emate hori bera ikusia izateko edo kontuan hartua izateko iturri bat delako. Gizaki bezala, ikusiak garela edo existitzen garela ziurtatzeko nahiago dugu atentzio negatibo bat jasotzea atentziorik ez izatea baino.

Nola ematen diozu buelta egoera horri modu «baketsu» batean?

Egiten ari dena mingarria edo onartezina bada, jokaerari muga jarriko diogu, baina ez bere beharrei. Hau da, «ezin dizut utzi min ematen, niretzat oso garrantzitsua da minik eman gabe harremantzea eta aldi berean, zuk esan nahi duzuna inporta zait, gogaituta eta egonezinarekin zaude beharbada entretenimendua eta konpainia edukitzea gustatuko litzaizukeelako. Hori da?». Hala bada, martxan jarriko naiz ea zein pieza jar dezakegun berak behar duen horretan laguntzeko: dedikazio esklusiboa, begirada polit bat, jolastea… berari gertatzen ari zaiona ikusiz eta zainduz. Berak nahi duena inori minik eragin gabe kudeatzen jakin dezala nahi dut nik; eta neuk ere berbera egin dezaket, berarengandik nahi dudan hori lortzeko mehatxuak, zigorrak eta errietak kanpoan utzita, horrek mina eragiten baitio.

Haur txikiak ere gai al dira proposamen hori ulertzeko?

Urtebete edo bi urteko batekin agian ezingo dut elkarrizketa hori izan, baina bere lekuan jarriz aspertuta dagoen hipotesia badaukat, nik uste dudan behar hori asetzen lagunduko dion proposamen bat egingo dut. Ez badut lekurik ikusten elkarrizketarako, zuzenean jolasean has gaitezke, istorioren bat kontatu edo beraren intereseko zerbait egiteko jarrera azaldu. Jaioberritan bezala, dialogo hori neure barruan egingo dut eta horren arabera proposatuko ditut estrategiak, hauen erantzuna ikusteko, dialogoa posible ez denean.

Eta zer egin behar da helduek jarritako mugak gainditzen direnean?

Aukera polita da, adostu diren edo ezarri diren mugak gainditu direnean, elkarren arteko zubia berriro berreraikitzeko. Autoritarismoaren adibide bat da: helduak badaki zer dagoen ondo eta haurrei hori irakatsi behar zaie, beraz haurrak bete egin behar du. Ez bada horrela gertatzen, zigortzeak irakatsiko dio haurrari gaizki egin duena berriro ez errepikatzen. Orokorrean modalitate horrekin heziak izan gara.

Marshallek bi galdera egiten zituen: bata, zer da haurrak egitea nahi duzuna? Eta bigarrena, ze arrazoi nahi dituzu edukitzea zure haurrak, eskatzen diozuna egiteko? Zergatik nahi duzu bere logela jasotzea, ikastea, anaia ez xirikatzea…? bestela zigortu egingo duzulako, errudun sentiaraziko duzulako? ala benetan horrela ikusten duelako, zentzuzkoa ikusten duelako, eskatzen dioguna kontuan hartu nahi duelako?

Derrigortu, kritikatu edo bestea aldarazi nahi dugunean, bestearengan kontrako sentimendu bat sortzen da, eta ez bakarrik umeekin. Eskatzen zaiguna egiteko gogoa kentzen zaigu eta pertsona horrengandik urrutiratzeko baldintzarik onenak ezartzen zaizkigu.

Haurrak ez badu betetzen eskatu zaiona, mugak gainditzen baditu, aukera polita da bere esperientzia zein izaten ari den deskubritzeko; eta ni jartzen ari naizen muga mugiezina bada, berari gertatzen ari zaiona ulertu eta atenditzeko beste modu batzuk aurkitzeko bidea irekitzea izan daiteke alternatiba.

Guri gertatzen zaigunean ohartzen gara: ulertuak, errespetatuak eta zainduak garen momentuan, bestearena kontuan hartzeko baldintza hoberenetan gaude. Ez ote da eraginkorragoa izango, besteari gertatzen ari zaionari ere erreparatzea, niretzat hain inportantea den horretara heltzeko?

Orduan, zigorrak inoiz ez edo noizean behin bai?

Ezin dut esan zigorrik ez erabiltzeko, momentu askotan besterik ez dugunean guretzat garrantzitsuak direnak ziurtatzeko eta haurrei erreferentzia batzuk helarazteko, orain arte esku artean izan dugun modu bakarrenetakoa izan denean. Autoritarismoa eta permisibitatea hezteko bi muturrak dira, eta zigorrak nahiago permisibitatean erortzea baino.

Kontua da, gure haurrak entzuten jakitea nahi badugu eta enpatizatzen jakitea, bizitzak jartzen dizkion egoerei aurre egiten jakitea, kriterio propioa edukitzea, errespetatzen jakitea, bestearena kontuan hartzen jakitea... eta horrekin batera, gure arteko harremana konfiantzan, kariñoan, elkar ulermenean oinarritua izatea, batak bestea kontuan hartuko dugun harreman bat nahi badugu, nire ikuspuntutik, zigorrak ez gaitu bilatzen dugun helmuga honetara eramango.

Beraz, beste ezer egiten ez badakit edo momentu batzuetan ez badut asmatzen, dakidan ondoen egiten ari naiz eta aldi berean horrek ez du esan nahi beste modurik ez dagoenik eta ikasi ezin dugunik. Egun txarrak edo baldintza kaxkarrak ere badaude, eta beti dago aukera bide honetara gerturatzeko. Behin ere ez da berandu, bilatzen dugunak on egiten badigu.

Espazio berri horretan entrenatu egin daiteke, haur eta gurasoak zaintzen dituen espazio bat eraikitzeko bidean.

Gerora haur eta helduen arteko harremanak nolakoak diren ikusteko aukerarik izan duzu?

Ni ama naiz eta ikerketarik ez dut behar jakiteko haur bat errespetatua denean, askatasuna ematen zaionean, berak ere berdina egiteko baldintzak dituela. Esaten da tratu txarrak jasan dituzten haurrek aukera handiak dituztela ondoren euren seme-alabekin berdin jokatzeko. Nola liteke? logikoena da hori jasan badu, berdina egin nahi ez izatea. Kontua ez da nahi ez izatea, kontua da modu batera hezia izan dela eta hori dela egiten dakien edo ezagutzen duen onena. Baina haur bat errespetu giroan hazten bada, bere bizi esperientzian hori geldituko da eta hori emango du.

Horrek ez du esan nahi haur hau edo guraso hau “perfektua” izango denik, ez baitut pertsona perfektuan sinisten. Noski, haserrealdiak, jokaera desegokiak… izango direla (bai guraso eta bai haurrengan) baina hauek norbera ezagutzeko eta ikasteko aukera moduan hartzen badugu, haurren heziketa gurasoon heziketa ere izango da.

Hartueman aholkularitzaren bidez eskaintzen dituzu zuk ikastaroak.

Leku finkorik ez daukat, Hartueman nire lanerako izena da.  Euskal Herrian aritzen nahiz guraso eskoletan edo ikastetxeetan hitzaldiak eta ikastaroak ematen. Leku desberdinetan nabil eredu hau zabaltzen.