NAIZ
DONOSTIA

Sigourney Weaverrek jasoko du Zinemaldiaren Donostia saria

Sigourney Weaver aktore estatubatuarrak jasoko du Zinemaldiaren 64. edizioko Donostia Saria. Honen bitartez, ibilibide oparoari omenaldia egin nahi izan diote.

Sigourney Weaverrek jasoko du aurtengo Donostia Saria. (ZINEMALDIA)
Sigourney Weaverrek jasoko du aurtengo Donostia Saria. (ZINEMALDIA)

64. edizioa ospatuko du Donostiako Zinemaldiak aurten eta, jakitera eman dutenez, Sigourney Weaverrek jasoko du Donostia Saria. 30 urte betetzen ditu sariak aurten, eta hau jasotzen duen hogeigarren emakumea izango da Weaver. 

Aurretik ere egona da Donostian, ‘Alien’ pelikula 1979 estreinatzen eta 20 urte beranduago ‘A Map Of The World’ filmarekin. Sariaren bitartez, ibilibide oparoari omenaldia egin nahi izan diote.

Zinemaldiaren Sail Ofizialean, Juan Antonio Bayonaren azken lanaren Europako estreinaldia egingo da, lehiaketaz kanpo: ‘Un monstruo viene a verme’ du izena zuzendari kataluniarraren obra berriak. Eta antzezleen artean dago Weaver bera. Bere ondoan, besteak beste, Felicity Jones, Lewis MacDougall eta Liam Neeson ditu.

Filmaren gala-pasea irailaren 21ean izango da, Kursaal auditoriumean, eta bertan Donostia Saria jasoko du Weaverrek.