NAIZ

Maldan behera dena arriskatuta Izagirrerentzet Tourreko azken aurreko etapa

Ez zituen maldan behera atzean uzteko bidaide onenak Ion Izagirre ormaiztegiarrak, Pantano eta Nibali, baina gaina egin orduko kolpea jo, tartea egin eta den-dena emanez, arriskatuz, Tourreko azken aurreko etapa irabazi du Movistarrekoak. Faboritoen artean ez da erasorik izan eta Froomekin batera podiumean izango dira Bardet eta Nairo Quintana. [Sailkapenak]

Azken mendatean Vincenzo Nibali handia buruan, Pantano eta Alaphilippe pasa ostean. Ion Izagirrek bi hauek harrapatu eta aurrera jarraitu du Nibaliren bila, Alaphillippek ezin zuen gehiago baina Pantanok bai eta lasterketa buruan maldan behera ezin hobeto moldatzen den hirukoa: Nibali, Pantano eta ormaiztegiarra. 

Eguneko ihesaldian sartzea lortu ostean, horrenbeste kilometro hanketan eta etapa garaipena maldan behera jokatu beste aukerarik ez. Ez ziren bidaide onenak, Nibali eta Pantano, nor baino nor indartsuagoa maldan behera. Errepideak beherako bidea hartu orduko, ordea, Izagirrek erasoa jo du eta berehala lortu du metro batzuetako tartea. Atzeik Nibali eta Pantano, azken hau ia erortzear izan da ormaiztegiarraren atzetik saiatu denean. Azkenean ezbeharrik ez baina nahikoa Ion Izagirrek tartea egiteko. Arnasgunerik gabe, hortzak gogor estututa Ion Izagirre sartu da bakarrik besoak luze altxata Morzineko helmugan. 

«Garaipen bat Tourrean eta Alpeetan ametsa betetzea da», esan du Izagirrek. Ez da harritzekoa, asteon askok gogoratu du 2001eko Roberto Laisekaren Pirinioetako garaipen handi hura eta Tourrean garaipen bat lortzen azken euskal herritarra Juanma Garate izan zen 2009an. Gaur, Ion Izagirrek idatzi ditu bere izen-abizenak urre kolorez Tourraren historian.

Froome, Bardet eta Quintana podiumean

Ez da dena gozoa izan, helmugan gogoratu du Izagirrek taldearen helburua Nairo Quintanarekin Tourra irabaztea zelako. Azkenean kolonbiarra hirugarren kutxara igoko da bihar Parisen, bigarren postuan Bardet izango da eta gorenean gaur ere inolako erasorik eta estuasunik pasa behar izan ez duen Christopher Froome.