@aagirrezabal

Jarri (talde) euskaldun bat zure tropelean

Tourra amaituta, berriz ere euskal txirrindularitza bultzatzeko unea iritsi da. Christian Prudhommen hitzei euskaldunek lasterketan eman duten maila eta beste behin euskal zaletuek Piriniotan emandako erakustaldia gehitu behar.

Mikel Landa eta Mikel Nieve, Tourreko tropelaren buru. (Kenzo TRIBOUILLARD / AFP)
Mikel Landa eta Mikel Nieve, Tourreko tropelaren buru. (Kenzo TRIBOUILLARD / AFP)

Bukatu da euskal talderik gabeko hirugarren Tourra. Laranjaz tintaturiko Pirinio euskaldunak jada ez dira laranjak, baina Pirinioak izan dira eta euskaldunak ere. Zaleek ez dute hutsik egin, eta aurtengo lasterketan protagonismo gehiegi hartu duten zaletuen aurrean, eredugarria izan zen beste behin. Adibiderako Mark Cavendishen hitzak.

Eta ildo beretik jarraitu zuen Christian Prudhommek GARAn egindako elkarrizketan. Marea laranja berreskuratu nahi duela azpimarratu eta Murias taldearen lana goraipatu. Eta hau da gakoa. Ezinbestekoa da euskaldun talde erreferente bat izatea. Euskaltel zegoenean, amateur edo gazte mailako txirrindulariek helburu bat zuten, eta zer esanik ez, aukera garbi bat. Gaur egun, ordea, Murias Taldearen apustua eskertzekoa bada ere, oraindik txirrindularitza profesionalaren mailarik baxuenean dago, non txirrindulari gutxirentzako tokia dagoen.

Kirol arlotik aterata ere, nazio proiektu bat genuen Euskaltel. Euskal Herriko selekzioa zen, Joko Olinpikoen eta futboleko munduko kopa baten atzetik, mundu mailan oihartzun handiena duen kirol ekitaldietako batean parte hartzen.

Hori gutxi balitz, euskal txirrindularitzak erakutsi du tropelaren maila gorenean dagoela. Euskaltel desagertu zenetik, munduko bi talde indartsuenak dira euskal txirrindulari askoren gotorleku. Mikel Landa, Mikel Nieve, Beñat Intxausti, David Lopez eta Xabier Zandio Sky-n ari dira, eta Imanol Erviti, Izagirre anaiak eta Jonathan Castroviejo, Movistarren. Urrutirago joan gabe, azken hiru asteetan (aspaldiko Tourrik aspergarrienean, hori bai), izugarrizko maila eman dute bertan izan diren Nieve, Landa, Erviti eta Gorka eta Ion Izagirrek.

Lehenbiziko biek egunetik egunera, aldapa gora, tropela txikitu egin dute, eta Chris Froomek bere onena eman gabe Tourra aise irabaztea ahalbidetu. Beste hiruek ere lan latza egin dute Nairo Quintanaren mesedetan, eta Izagirrek bere aukera baliatu du mendiko azken etapa handian bere biziko garaipena eskuratzeko. Euskal txirrindularitzak ez zuen Tourrean garaipenik 2009an Juanma Garatek Mont Ventouxen irabazi zuenetik.

Maila onean ibili dira ere Trek taldeko Markel Irizar eta Haimar Zubeldia, beti Bauke Mollemaren mesedetan, nahiz eta holandarra, erorikoak tarteko, itzaldu egin den azken egunetan. Romain Sicard hazparnetarra izan da bere mailatik behera ibili dena.

Baina honi bide eman behar zaio. Eta horretarako bi oinarri daude: lasterketak, non euskal txirrindularitza indartsu mantentzen den (gaur bertan Ordiziako klasika ospatuko da eta asteburan Donostian eta Getxon izango da hitzordua), eta taldeak. Muriasek proiektu serioa du eta pausoz-pauso handitzen ari dira (hilabete baten baitan jakingo da hurrengo urtean txirrindularitza munduan jarraitzen duten eta, egitekotan, zein mailatan eginen duen). Baina bere atzetik askoz gehiago behar du. Benetako apustu bat.

Beraz, egin diezaiogun tartea euskal talde bati World Tourreko tropelean.