NAIZ
BILBO

Piztiak konpartsak animalien sufrimendurik gabeko Aste Nagusi bat aldarrikatu du

Bilboko Aste Nagusia hastear dagoenean, Piztiak konpartsak «eraso sexista, homofobo edo arrazistarik gabeko» jai batzuk defendatu ditu. Era berean, animalien sufrimendurik gabekoa izatea aldarrikatu dute.

Animalien sufrimendurik gabeko Aste Nagusia defendatu du Piztiak konpartsak. Zezenketen aurkako kanpainako bozeramailea den Alba Mendozak «neurriak» eskatu ditu larunbatean hasiko diren jaiak «ez daitezen sufrimendu eta odolez zikindu».

"Ez dugu animalien esplotaziorik nahi», adierazi du. Modu honetan, «injustizia hauen aurrean kontzientzia sortzea» dute helburu. Bilbon animalien sufrimenduaren aurkako mugimendu sozial «indartsua» dagoela azpimarratu du.

Bide beretik, zirkuko animalien egoera salatu du. «Bahituta daude, askok jaio zirenetik ez dute beste ezer ezagutu. «Tratu txarrak jasotzen dituzte, soilik ikusleen gozamenerako».

Era berean, «eraso sexista, homofobo edo arrazistarik gabeko» jaien beharra defendatu du.