Goizeder TABERNA (Mediabask)
Elkarrizketa
XABIER TABERNA
PIRAGUISMO ENTRENATZAILEA

«Maialenen ezaugarri bereziena bere determinazioa da, indar mentala»

Basque Team eta piraguismoko Espainiako selekzioko entrenatzaile euskalduna Rion izan da Maialen Chorraut eta Ander Elosegiren lana bertatik bertara jarraitu eta ahal izan duen guztian laguntzen. Hamar urte daramatza lan horretan eta Riokoak bere hirugarren jokoak izan dira, Pekingoen eta Londreskoen ondoren. Bi euskaldunen lanaz eta Rioko esperientziaz galdetu nahi izan diogu.

Xabier Taberna irudiaren eskuinaldean ikus daiteke Xabier Etxanizekin batera Maialen Chorraut uretatik zoriontzen. Egun batzuk pasatuta, berarekin hitz egin dugu.

Ander Elosegirengan esperantza handiak ipinita abiatu zenuten Rioko lehiaketa, baina azkenean ezin izan zuen dominarik eskuratu. Finkatutako helburua ez duela lortu esan al daiteke?

Ander Elosegi oso gaztetatik hasi zen nazioarteko mailan lehiatzen. Oso lehiakide ona da eta bere errendimendua goi mailako hitzorduetan bikaina izan da. Rioko Jokoetarako helburua argia zen: aurreko emaitzak hobetzea, alegia. Hortik behera ezin dugu helburua betetzat hartu. Baina pertsonalki, finkatzen diren helburuak alde batera utzita, Anderrek lortutakoaren balio objektiboa ezin uka liteke. Kirol mailan diploma olinpikoa lortzeak egundoko garrantzia dauka beti.

Rion, emaitza oso ona lortu zuen finalerdian, bigarren eginez. Zer gertatu zen finalean, zertan egin zuen huts?

Finalean, Anderrek lehenengo atean behar zena baino 5 zentimetro eskuinerago kokatu zuen piragua. Honek atea jotzera eraman zuen eta bi segundoko zigorra jaso zuen. Dominak segundo ehunenen arabera banatzen diren lehiaketa batean bi segundoko zigorrak lehiatik kanpo uzten zaitu.

Eta zerk eraman zuen Denis Gargaud-Chanut urrea lortzera?

Gargaud kanoista trebea da. 2011. urtean munduko txapeldun izan zen eta zilarra lortu zuen C2 diziplinan. Geroztik emaitza oso onak lortu ditu. Canoe slaloma bezalako kirol minoritarioetan, Olinpiar Jokoetan eta antzeko lehiaketetan jasaten den karga emozionala oso altua da, eta Denisek oso ondo kudeatu zuen hori guztia.

Maialen Chourrautek brontzezko domina eskuratu zuen Londresen, 2012an. Zaila zuen hobetzea, ala ez hainbeste?

Maialenen ezaugarri bereziena duen determinazioa da. Dudaz betetako pertsona izanik, erabakia hartzen duenean bukaeraraino doa. Aldi berean, kirolari oso ona da. Ezaugarri fisiko izugarriak landu ditu urteetan zehar, teknikoki izugarri ona da eta zerbait nabarmendu beharko banu, bere indar mentala da.

Non dago bere emaitzaren gakoa? Azken lau urteetan izan duen ibilbidearen isla al da?

Maialenen emaitza bere egunerokotasunean egiten duen lanaren isla da, zalantzarik gabe.

Selekzioren batek arreta eman al dizu 2016ko Joko hauetan? Prestakuntza berezi bat izan duenik edo kirolari oso onak ekarri dituenik nabarmenduko zenuke?

Alemaniar, britainiar, txekiar eta frantziar selekzioak betidanik erreferentzia gisa ikusi ditut. Urteetan zehar sortu dituzten egitura sendoek etengabeko erreleboa bermatu dute eta kirolari berriek emaitza on eta erregularrak lortzen dituzte. Aurtengo Jokoetan ere herrialde horietako kirolariak izan dira ongien ibili direnak eta horrek asko irakasten digu.

Kataluniako edo Europako erreketan entrenatzen zaretenean jarraitzaileak hor daude. Munduaren beste aldean, izaten al dira? Giroa berdina al da?

Herrialdez herrialde, bertako biztanleriaren lehentasunak aldatzen doaz beraien oinarrizko beharrak asetzen diren arabera. Brasilgo kasua ez da salbuespena. Gaur egungo Rio de Janeiroko biztanleen artean, kirol probak ikustearen beharra asetzea ez da ezinbestekoa. Honek badu bere isla probaren jarraipenean. Esan beharra dago, ikusle bezala parte hartu dutenek gogoz animatu dituztela kirolariak eta hori eskertzekoa da.

Zer giro olinpiar hirian?

Betiko giroa izan dugu. Berrehun herrialde desberdinetako kirolariek hiru astez egunerokotasuna saretuko dute. Kultura eta kondizio ezberdinetako milaka lagun kirolaren bidez borrokatuko dira elkarren artean, berdintasunez eta errespetuz. Giro hori edonon sentitu daiteke olinpiar hirian. Esperientzia polita da.

Beste kiroletako euskal herritarrekin harremanak edukitzeko aukera ba al duzue?

Olinpiar hirian kirolariek dagokien entrenamendu eta lehiaketa plangintza jarraitzen dute. Halere, beti dago jende berria ezagutzeko aukera eta noski, euskaldunok eduki ditugu gure momentuak.

Egoera politiko eta ekonomiko berezian antolatu dituzte Brasilgo Joko hauek, krisi sakon baten erdian. Sentitu al duzu? Londreskoekin edo Pekingoekin ezberdintasunik ikusten al duzu?

Jokoen inaugurazioan nabarmendu ahal izan zen zein den herrian dagoen krispazio politikoaren tamaina. Gainera, hedabide ezberdinetan irakurri ahal izan dugu antolakuntzan gertatu diren ezbeharrak. Konkretuki, canoe slalom ekitaldiaren antolakuntza oso ona izan dela esan daiteke. Olinpiar hirian, ordea, suertatu diren egoerak ekiditea, antolakuntza eta aurreikuspen maila hobe batekin lor zitekeen. Pekingo, Londresko eta Rioko antolakuntzak laburki deskribatu beharko banitu, honela egongo nuke: Pekin, neurrigabekoa; Londres, eraginkorra; Rio, inprobisatua.