Txisparik gabe, apurtuta agertu da Athletic denboraldi berriko lehen partiduan, Gijonen. Hori hala, esku hutsik itzuli behar izan dute Bilbora, bi eta bat galdu ostean.
Neurketa itxura emanez hasi dute lehoiek, lehenengo ordu erdian bi aukera polit sortuz. Lehenengo denbora, baina, hobeto amaitu du Sportingek, aukera parea sortuz eurek ere.
Bigarren zatia hastearekin batera, baina, maldan behera joan da Athleticen jarduna eta aprobetxatzen jakin izan du Sportingek; 50. minutuan egin du lehen gola Copek, eta 53an bigarrena Victor Rodriguezek.
Hortik aurrera, hautsita agertu dira zuri-gorriak eta goitik behera kontrolatu du neurketa Sportingek. Hirugarrena egiteko beta ere izan dute gijondarrek, baina Isma Lopezek huts egin du penaltia.
Azken hamar minutuetan, ordea, berpiztu egin dira lehoiak eta distantziak laburtzea lortu du Viguerak 86. minutuan. Amaiera arte ahalegindu dira neurketa berdintzen, baina ezin izan dute lortu.
Ikusi hemen neurketak utzi dituen xehetasun guztiak.