NAIZ
DURANGO

Rodriguez: «Abagune historikoaren mailan egongo den lehendakari bat behar dugu»

Nazio batzarra burutu du gaur Sortuk Durangoko Landako gunean, alderdia garatzen ari den kongresuaren datak aldatzeko. Bertan, beste lehendakari bat aldarrikatu du Arkaitz Rodriguezek, «abagune historikoaren mailan egongo den lehendakari bat».

Arkaitz Rodriguez, Sorturen nazio batzarreko hitzartean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Arkaitz Rodriguez, Sorturen nazio batzarreko hitzartean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Irailaren 25eko hauteskundeak direla eta, alderdia garatzen ari den kongresuaren datak aldatzeko nazio batzarra burutu du Sortuk larunbat honetan Landako gunean. Bertan, aldeko 388 botorekin eta abstentzio batekin, kongresuaren datak aldatzea onartu dute kideek.

Arkaitz Rodriguezek egin du batzarraren amaierako hitzartzea. Ezker abertzalearen KAS alternatibaren 40. urteurrena gogoratuz hasi du berau, 40 urte geroago erreforma ala hausturaren arteko eztabaidak bere horretan jarraitzen duela azpimarratzeko.

«Guk argi esaten dugu: haustura demokratikoaren alde gaude. Espainiar estatua ez dago demokratizatzerik», adierazi du. Gaineratu du Estatu espainiarreko hauteskundeek erakutsi zutela ez dela posible aldaketarik ematea espainiar Estatuan. Horregatik, Euskal Herrian prozesu subiranista bat abiatzearen aldeko aldarria egin du.

Berau abian jarri ezean, Madriletik datozen murrizeta sozialak pairatuko ditugula adierazi du, edota Euskal Herriko langileariarentzat lan-baldintzak okertuko direla ohartarazi. «Hori gutxi balitz, Espainiak ere erabaki nahi du nor izan daitekeen lehendakari eta nor ez», nabarmendu du.

Baina, onartu du egun ez dela gehiengorik aipatu ondorioak atera dituenik; alta, Euskal Herriaren eskubide nazionalak eskatzera Madrilera joateko beste saiakera bat egiteko prest daudela adierazi du. Ezezkoa jasoko balitz, ezaugarri sozialez osatutako prozesu konstituziogile bat abiatzea proposatu du.

Horretarako, baina, EAJren zain egon beharrik ez dagoela aldarrikatu du, eta aipatu prozesuak zibila izan behar duela azpimarratu. Horrek herri aktibazioa eskatzen duela ohartarazi du.

Hala, hilaren 25eko hauteskundeetan asko jokatzen dela adierazi du; zehatzago esateko, lehendakari eta gobernu «duin» bat izatea jokatzen dela esan du: «Ez dugu merezi euskal herritarren eskubide sozialak defendatzen ez dituen lehendakari bat. Ez dugu merezi Legebiltzarrean onartzen diren legeak defenditzen ez dituen lehendakari bat. Eta ez dugu merezi Arnaldo Otegiri bere inhabilitazioa eragitea leporatzen dion lehendakari bat».

Hori hala, abagune historikoaren mailan egongo den lehendakari bat aldarrikatu du Rodriguezek.