NAIZ
IRUÑEA

Elkarlana izango du ardatz UEUk Nafarroako ikasturte berrian

Udako Euskal Unibertsitateak aurtengo ikasturtea aurkeztu du. NUPekin eta Iruñeko Udalarekin zituen elkarlanei, Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin lotu duena gehitu behar zaio. Helburuak profesionalak formatzea, tokiko behar akademikoei erantzuna ematea eta euskarazko formazioan erreferentzialtasuna areagotzea izango ditu.

UEUko ordezkariak, Nafarroarako udazkeneko eskaintza aurkezten. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
UEUko ordezkariak, Nafarroarako udazkeneko eskaintza aurkezten. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

«Inoizko ikasturte indartsuena» aurkeztu du UEUk Iruñean. Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak, Maider Belokik, Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziak, Imanol Nuñezek, NUPeko Hizkuntzen goi-mailako ikastegiko zuzendariak, Mikel Reyk, Nafarroako gobernuko Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuko teknikariak eta Edurne Kochek, UEUko Nafarroako formakuntza teknikariak prentsaurrekoa eman dute.

UEUk ikasturte honetako helburuak finkatu ditu: «Nafar profesionala formatu, tokiko behar akademikoei erantzun eta etengabeko euskarazko formazioaren erreferentzialtasuna areagotu». Horretarako udazkeneko eskaintza aurkeztu dute. Eskaintza propioko lau ikastaro, Hezkuntza sailarekin elkarlanean antolatutako bost ikastaro, euskara atalarekin Nafarroako sare publikoko A, B eta D ereduetako irakasle ez unibertsitarioentzako beste bi eta NUPekin kultur jardueraren baita eskainiko diren beste bi.

Alegriak ikastaroek izaten duten harrera nabarmendu du: «Aurtengo udako ikastaroak azkeneko urteetako arrakastatsuenak izan dira. Ildo horretatik jarraitu nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da indarrak bildu eta elkarlana sustatzea». Maider Belokik, bere aldetik, UEUk egiten duen lana baloratu du, eta «hizkuntzaren biziberritzeari eusteko beharrezkoa» dela azpimarratu.

«Erakundeen arteko elkarlana da erronkei aurre egiteko bide bakarra», adierazi du NUPeko Hizkuntzen goi-mailako ikastegiko zuzendari den Imanol Nuñezek. «Bai unibertsitateak eta baita administrazioek ere sareak osatu behar dituzte, guztion lanak koordinatzeko eta indartzeko». Elkarlan horren garrantzia ere nabarmendu du Mikel Reyk. «Gizarteko sektore zabal batek eskatutako lorpen sozial eta kultural bat betetzea suposatzen du».

Bestetik, UEUko Nafarroako formakuntza teknikari den Edurne Kochek iragarri duenez, Ikergazte kongresuaren bigarren edizioa NUPen egingo da 2017ko maiatzaren 10.11 eta 12an.