Ostegunean bost urte bete ziren ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuenetik, Aieteko Konferentziak plazaratutako gomendioei erantzunez. Bost urte igaro eta gero, esan dezakegu, alde batetik, erabaki hark aldaketa handia ekarri zuela egoera politikoan, eta, beste batetik, egoera aldaketa hark eskaintzen zituen aukera guztiak ez direla aprobetxatu, ez dela behar beste aurreratu; urteok erakutsi dutenez, bakarren batzuei ez zaielako agertoki demokratikoetan aritzea komeni, nahiago dutelako gatazkaren traba eta karraka.
Gertaera historiko hura ekarri zuten mugimendu eta lanen berri tantaka izan genuen hasieran, eta liburuak ere idatzi dira azkenaldian. Oraindik, halere, ardatz nagusiak behar bezala azaltzeko denbora igaro beharko da.
Azken batean, Aieteko Konferentzia ez zen bat-batean sortu, eta, jakina, ETAk ez lioke dei hari hiru egunetan erantzungo aldez aurretik urratsak hitzartuta ez baleude. Aieten bide orri bat aurkeztu zen bezalaxe, Aietera iristeko eta haren ondotik urratsak gertatzeko ezkutuko beste bide orri zehatzago eta zabalago bat izan bazela badakigu gaur egun. ETArekin eta Espainiako Gobernuarekin, bakoitza bere aldetik, adostu zuten nazioarteko eragileek. Bi bide orri, beraz, bat publikoa eta orokorra, bestea ezkutukoa eta zehaztasun handikoa.
Horrela uler daiteke, esate baterako, Aiete gertatu eta berehala ETAko ordezkaritza bat Norvegian egotea, elkarrizketak hasteko zain. Zalantza bakarra hauxe: borroka armatua albo batera uzten zuela iragarriz egindako bideoa zabaltzeko unean, urriaren 20ko hartan, ordezkaritza hori jada Oslon ote zegoen edo, oraindik, bidean ote zen. Zalantzarik ez duena hauxe: Norvegiako Gobernuak ez zuen halako ordezkaritzarik bertan egotea onartuko Espainiako Gobernuaren oniritzirik gabe. Beraz, nazioarteko eragileek bi aldeekin adostu zuten ezkutuko bide orria.
Batzuek hitza bete; besteek hitza jan, jan eta jan
Aiete egiteko konpromisoa hartu zutenek hitza bete zuten, nahiz eta Egigurenek arrastaka eta mezu eskasa zabalduz eraman behar izan zuen bere alderdia bertara. Bereziki bete zuten hitza nazioarteko eragileek, inplikazio handia izanez eta, ETAk urratsa eman ondoren, erakundearen delegazioa Oslon kokatzea ahalbidetuz. Hortxe hasi ziren beste batzuk hitza jaten, jaten eta jaten. Zapaterok ordezkari bat bidali behar zuen Norvegiara, baina ez zuen egin. Hauteskundeak bertan ziren, eta Rajoyri zegokiola gaiari jarraitzea ebatzi zuen. Bazuen bere logika, gobernuaren amaiera hain hurbil izanda, baina ez zeukan lotuta, Estatu itun baten bidez, hurrengoaren jokabidea.
Berez, Rajoyk atzerapauso denak iragarrita zituen, besteak beste, ilegalizazioei berriro ekitea. Bilduk hilabete gutxi batzuk lehenago lortu zuen hauteskundeetara aurkeztea. Aietekoak, nolabait, PPren inboluzioa geldiarazi zuen, baina ez zuen haren posizioa bide orria betearazteko bezainbeste baldintzatu.
Rajoyren Gobernuak berehala jakin zuen ETAko ordezkaritza bat zuela Oslon zain. Hala esan zioten Zapaterok, nazioarteko eragileek eta Norvegiako Gobernuak berak. Ez zuen ezer esan, ez «ez» ez «bai». Urtebete baino gehiago egon zen ETA Oslon, 2013ko otsailera bitarte, eta une batean bitartekari bat ere azaldu zen Gobernuaren izenean, berriro bueltatu ez bazen ere. Antza, Rajoyk erabakia hartu zuen: impasse eta blokeotik boikot politikara pasatzea. Une horretan atera behar izan zuen Norvegiatik ETAko ordezkaritzak.
Kontakizun honen arabera, ETAk borroka armatua utzi izana bi bide orri horien (Aietekoa eta ezkutuan kudeatutakoa) ondorio da. Irakurketa hori egitea ez litzateke zuzena izango. Egia da horien bidez eta, ahal zen neurrian, konponbide eskema bat egituratzeko egin zituela urratsak, baina estrategia politiko-militarra gainditzeko erabakia beste nonbaitetik zetorren, hain zuzen ere, ezker abertzaleak egindako eztabaidatik eta bertan erabakitako aldaketa sakonetik, «askapen prozesuaren» nolakotasunari zuzenean eragiten ziona.
Horrek eragina izan beharko zuen blokeoen aurrean hartu beharreko jarreran ere. Aurreko saioetan (Alger eta Lizarra-Garazi), bide orria bete ez izanak prozesuaren haustura eta borroka armatuaren buelta ekarri zituen. Oraingoan, ordea, lehentasuna –azkenekoz “Abian” prozesuan ezker abertzaleak ebatzi duenez– estrategia aldaketan sakontzean eta bertatik bertara prozesu politikoa indartzean datza. Bai, orain dela bost urtekoa erabaki estrategiko bat izan zen. •