NAIZ
BILBO

Athletic eta Osasunaren arteko puntu banaketa justua San Mamesen (1-1)

Ez du goi mailako partidarik ikusi igande honetan San Mamesera bertaratu den zaleak. Bai, ordea, neurketa borrokatu eta irekia, futbol askorik ez baina bi taldeek irabazi ahal izan dutena. Azkenean, puntu banaketa. Emaitza justua katedralean ikusi denarengatik (1-1). [Neurketaren xehetasunak]

Oriol Riera eta Raul Garcia, biek egin dute gola buruz. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Oriol Riera eta Raul Garcia, biek egin dute gola buruz. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Puntu banaketarekin amaitu da Athletic eta Osasunak San Mamesen jokatu duten euskal derbia, denboraldiko seigarrena (1-1). Ez da goi mailako futbolik ikusi katedralean, baina bai partida borrokatu eta ireki bat, bietako edozeinek irabazi ahal izan duena.

Askoz ere hobeto sartu dira gorritxoak partidura, hasieratik Iraizozen ate inguruan arriskua sortuz. Oriol Riera izan da ate aurrean aukera garbienak izan dituen jokalaria, baita Athleticen atea zulatzea lortu duena ere. Hiruzpalau aukera garbiren ostean, geldikako jokaldi batean aurreratu ditu bereak Rierak.

Pozak, baina, ez die luze iraun Osasunako jokalariei. Ordura arte gutxi egiten ari zen Athletic batek markagailua berdintzea lortu du gola jaso eta bost minuturen buruan, 28. minutuan, Raul Garciaren burukada bati esker.

Horretan iritsi da neurketa atsedenaldira. Itzuleran, lehenengo zatian baino traza narratzagoa hartu du lehiak. Geldialdi askorekin, erritmoa hartu ezinik ibili da partidua bera, bi taldeen nahi eta ezinak agerian utzi.

Soilik azken hamabost minutuetan gailendu da etxeko taldea. Indarka egin du, futbol erakustaldirik ezean, neurketa irabazteko aukerak sortzeko. Eta izan ditu pare bat aukera garbi, Williamsek huts egin duena kasu.

Baina Osasuna izan da azken sustoa eman duena, De las Cuevasek egin baitu ia gorritxoen bigarrena neurketa amaitzeko minutu pare baten faltan. Azkenean, baina, puntu banaketa San Mamesen, bi taldeak kontent utzi dituen emaitza.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasunak NAIZen webgune berezian.