GARA
BILBO

«Estereotipoetatik ihesi» foruma hartuko du bihartik aurrera Bilbo Zaharrak

Bilbo Zaharra euskaltegiak “Estereotipoetatik ihesi” foruma hartuko du bihartik hasi eta asteazkenera bitartean. Biharko lehen saioan Koldo Izagirre idazleak “Euskara akabatzeko euskal metodo batzuk” aurkeztuko ditu, asteartean Ur Apalategik eta Aingeru Epaltzak hartuko dute hitza “Iparra/Hegoa. Erdigunea/Periferia” hitzaldia eskaintzeko eta foruma Maddi Oihenartek eta Jabier Kaltzakortak itxiko dute asteazkenean, “Kantuz” izenburua daraman solasaldiarekin.

Antolakuntzatik gogora ekarri nahi izan dutenez, honakoa ez da Bilbo Zaharratik «euskal kulturaren barruko arazoak» aztertzeari heltzen dioten lehen aldia. «Gogoratu besterik ez dugu 2001. urtean abiarazitako ‘Euskal kulturaren ajeak’ izeneko jardunaldien zikloa, bospasei urte iraun zuena». Hizlariei dagokienez, nabarmendu dute Izagirrek literaturako genero guztiak landu dituela eta bere lan adierazgarrienen artean “Euzkadi merezi zuten” (1985), “Agirre zaharraren kartzelaldi berriak” (1999), “Autopsiarako frogak” (2010) eta “Parisen bizi naiz” (2013) nabarmendu dituzte.

Asteartean hitza hartuko duen Apalategi Euskal Filologian doktorea eta Zuzenbidean eta Letra Frantsesetan lizentziaduna da eta, besteak beste, “Gauak eta hiriak” (1997), “Gure Gauzak S.A.” (2004) eta “Fikzioaren izterrak” (2010) idatzi ditu. Berarekin batera ariko den Epaltza Kazetaritzan lizentziaduna da eta itzultzaile lanetan ari da. Bereak ditu “Tigre ehizan” (1996) eta “Erresuma eta Fedea” (2006-2013) izeneko trilogia ezaguna. Asteazkenean ariko den Oihenart musikari ugarirekin aritu da eta lau disko ditu argitaratuta, eta Kaltzakorta Euskal Filologian doktore eta euskaltzain osoa da.