GARA
BILBO

Arte grabatua Bilboko espazio publikoetara zabalduko da

FIG Bilbao arte grabatuaren jaialdiaren bosgarren edizioaren barruan hainbat erakusketa izango dira Bilboko areto desberdinetan. Bihartik hasi eta igandera bitarte, diziplina horretako hainbat obra leku publikoetan eta kaleetan ikusi ahal izango dira.

Artearen zaleek arte grabatuz egindako obrak ikusi ahal izango dituzte hainbat tokitan, esaterako, Kale Nagusian, Arriagan, Euskadi Plazan edo Abandoibarran, baita Indautxuko Metro geltokian –azaroaren 7tik 22ra– edo El Corte Ingleseko eskaparatean ere, non Jesus Mari Lazkanoren lanak ikusgai izango diren hilabete honetako azken hamabostaldian.

Bilboko hainbat aretotan ere erakusketak antolatuko dituzte, hala nola Arte Ederren Museoan ardoarekin erlazionatutako lanak erakutsiko ditu Fundación Vivancok. Orotara 76 obra bilduko ditu, XV. mendetik gaur egun arte, eta otsailaren 6ra arte egongo da ikusgai. Sortzaileen artean daude Alberto Durero, Pablo Picasso, Joan Miro, Antoni Tapies, Andy Warhol edo Eduardo Chillida. Horrez gain, Bizkaia Aretoan nazioarteko artisten lanen aukeraketa bat egongo da ikusgai eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan kartografia zaharren bilduma bat egongo da.

Horrez gain, Batzar Nagusietako erakusketa aretoan Mari Dapenaren obra izango da ikusgai, eta Euskalduna jauregian 40 erakusleku izango dira 300 artistaren lanekin.

Ekitaldiak

Gonzalo Olabarria Bizkaiko Aldundiko ordezkariak, Nora Sarasola Bilbao Ekintzako zuzendariak, Gabriella Locci FIGeko presidenteordeak, Dario Piludu, FIGeko zuzendariak eta Roberto Saenz de Gorbea FIG Bilbaoko zuzendariak aurkeztu zuten atzo hitzordua Bizkaia Aretoan.

Locciren arabera «azokak nazioarteko begirada du» eta hainbat ekitalditan ikusiko da hori. Esaterako, mahai-inguru bat egingo da elkarlanaren inguruan Bilboko eta Sardiniako ordezkariekin.

Olabarriak, bere aldetik, nabarmendu zuen «kulturak bizitzaren alor desberdinetan duela eragina, eta ezinbesteko elementua dela gizarte demokratikoago, osatuago eta kritikoago bat izateko».

Dario Piluduk Sardiniaren eta Euskal Herriaren arteko elkarlana goraipatu zuen jaialdia antolatzerako orduan, bi lurraldeen arteko antzekotasunak eta ulermen maila ere izan zituen hizpide. «Sardinian ere badugu nortasun estatutu berezi bat, Euskal Herrian dagoenaren modukoa», aipatu zuen.

Bilbon egiten den jaialdiko zuzendari den Saenz de Gorbeak hitzorduak batuko dituen erakusketa eta ekitaldi desberdinen inguruan hitz egin zuen. Horien artean dago, EHUko Arte Ederren fakultatean egingo den elkarlana, zeinari esker Euskalduna jauregian “Los cubos de las tentaciones” aurkeztuko den, hau da, ikasleek egindako obren bilduma.

Horrez gain, profesionalen arteko hiru topaketa eta mahai-inguru izango dira, “Emakumea eta artea”, “Artea eta enpresa” eta “Artearen on-line merkatua. Perspektiba berriak” gaien inguruan gogoeta egingo dute hainbat gonbidatuk.

Euskalduna jauregia sortzaile berrien alde egingo duen espazioa izango da FIG jaialdiaren barruan. FIGek berak aukeratutako artista berri batzuk publikoaren aurrean erakutsi ahal izango dituzte beren lanak.

Obra horietako asko salgai izango dira eta, Saenz de Gorbeak zehaztu zuenez, 100 eurotik gorako prezioa izango dute.

Aurtengo hitzorduak bi gonbidatu ospetsu izango ditu. Batetik, Danae Stratou, mahai-inguruetan parte hartuko duen artista greziarra eta bere ibilbide profesionala ezagutzera emango duena. Eta, bestetik, Khalid El Bekay sortzaile marokoarra, Bartzelonan bizi dena, eta zuzenean grabatuen erakustaldi bat egingo duena.