«Lu eta Le» kaleidoskopikoak ekin dio bideari
Ez da estreinaldi ofiziala, baina entsegu arrunta ere ez. Eta lehenengotik gehiago izango du bigarrengotik baino. Ilaratxoa egin da Sarobe Arte Eszenikoen guneko leihatilan eta ataria jendez betetzen ari da, bakoitza bere sarrera eskuan duela. Teknikariak atzera eta aurrera dabiltza, soinuari eta agertokiari azken ukituak ematen. ‘Lu eta Le’ antzezlana aurreneko ikusi dugun pribilegiatuak gara Urnietara gerturatu garenok.
Xabier Lete eta Lurdes Iriondo dira “Lu eta Le”-ren protagonistak, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Klara Mendizabalengan gorpuztuta. Bernardo Atxagak idatzi du obra, eta Juan Carlos Perezek jarri dio musika. Hemen da Juan Carlos eta apal asko esan digu: «Nirekin hitz egin zuenerako, musika Bernardoren buruan zegoen. Nik idatzi besterik ez dut egin, paperera pasatu. Musika ez melodikoa nahi zuen, intzidentala, istorio ez naturalista eta ez sentimentalista ia espektral honekin ondo ezkonduko zena».
Ikusleak hasi dira poliki-poliki ataritik aretorako bidea egiten. Emakume bati entzun diogu esaten berak euskaraz tutik ez dakiela –Europa iparraldekoa da, itxuraz– baina antzezlan hau ikusi nahi duela, seguru dagoela zerbait transmitituko diola. Garbi Losada, Ados Teatroko zuzendaria, iritsi da, eta zuzenean aretoaren barrunbera jo du, irribarre urduria aurpegian. Iñake Irastorza aktorea ere hemen ikusi dugu, batekin eta bestearekin solasean.
Xabier Mendiguren idazle eta editoreak ez du denbora galtzen. Sarobeko sofa batean eseri eta eskukada bat paper irakurtzen ari da. Barrura abiatzeko momentuan harrapatu dugu, “Lu eta Le” lanaz zer espero duen konta diezagun. «Xabier Lete eta Lurdes Iriondori buruzkoa dela bai, baina obra nolakoa den zehatz-mehatz ez dakit, jakina; halere, atzean dauden izenak ikusita, Bernardo Atxaga, Juan Carlos Perez, Ados Teatroa… espero izatekoa da kategoria izango duela. Zerbait inspiragarria eta kilikagarria topatzea espero dut», diosku.
Aretoan gara denak dagoeneko, eta argiak itzali dira, agertokikoak izan ezik. Erabat minimalista da atrezzoa, tonu hotza nagusi, oso iradokitzailea. Eta aktoreak eszenara irten direnean, ulertu dugu zergatik erabili duen Juan Carlos Perezek «espektrala» hitza. Hasiera gordina du Atxagaren obrak, baina aurrer a egin ahala erregistro asko dauzkala jabetu gara. Baita umorea ere, batzuetan bel tza –bi agureen elkarrizketa hilerrian– eta beste batzuetan ez hain beltza –adineko bi bikoteak jatetxean–.
Kontu asko aipatzen dira obran zehar. Lurdes Iriondo “Euskal Herriko nobia” nola bihurtu zen, gitarra espainola jotzeagatik jasotako kritikak, ETAren atentatuak eta Guardia Zibilak kontroletan hildakoak, “Herri armatua inoiz ez zanpatua” kontsigna ere entzuten da… Kaleidoskopia da, bai, baina hemen ezin da gehiago kontatu. Bertatik bertara dastatu behar.
Ordubete pasatxo irauten du “Lu eta Le” antzezlanak. Oso balorazio ona egin dute ikusleek bukaeran, bai kontatu zaienaz bai kontatzeko moduaz. Bat baino gehiago harrituta irten da aktoreen lana bertatik bertara ikusita eta entzunda: «Nola gorde dezakete buruan gidoi osoa?», galdetu dio emazteari gizonezko batek. Andreak zerbait badaki eta «hau antzerkia da, gizona, ez zinea. Hemen ikusten da aktoreen benetako maila» azaldu dio.
Xabi Paya, Donostia 2016ko Kultur Egitarauaren zuzendaria, ere pozik dago. Batekin eta bestearekin hitz egiten ari da eta dagoeneko “Lu eta Le”-ren emanaldiak lotzen ari dela esan digu, «azkena oraintxe, Bilboko Arriagan nahi dutela abisatu didate». Donostia 2016 izan da antzezlanaren sustatzailea, eta, Payar en hitzetan, «elkarbizitzarako kultura sustatuko badugu erreferentzia kulturalak ere konpartitu behar ditugu. Donostia 2016ren eginkizunetako bat kultur sorkuntza sustatzea da».