NAIZ
BILBO

Gol bat eta hiru puntu Athleticek, ohorezko postuetan jarraitzeko (1-0)

Bigarren zatia eta gol bat nahikoa izan ditu Athleticek Vilarreal gainditu eta hiru puntuak eskuratzeko (1-0). Raul Garciaren gol bakanak sailkapen nagusiko ohorezko postuetan jarraitzeko aukera ematen die txuri-gorriei. [Neurketaren xehetasunak]

Raul Garcia izan da Athleticen goleatzailea. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Raul Garcia izan da Athleticen goleatzailea. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Ligako sailkapen nagusiko aurreneko postuetan dauden bi taldek jokatu dute igande honetan aurrez-aurre San Mamesen. Laugarren postuan Vilarreal, zazpigarren Athletic, goi mailako futbola ikusi asmoz gerturatu dira zaleak Katedralera.

Alabaina, bigarren zatiaren zain egon behar izan dute futbola ikusteko. Parekatua izan da lehenengo zatia, intentsoa, baina ez batak ez besteak ez dute gol aukerarik sortu lehenengo 45 minutuetan.

Bigarren zatian, baina, guztiz aldatu da partidaren erritmoa. Eta joko horretan nagusi izan da Athletic. Aritz Adurizek hiruzpalau aukera on izan ditu bigarren 45 minutuetan, Iñaki Williamsek zutoinera jaurti du atezaina gainditu ostean baina Raul Garcia izan da gola egin eta hiru puntuak etxean uztearen arduradun nagusia.

Adurizek jokaldi bikaina egin du Raul Garciaren golaren aurretik, irudi hauetan ikusi daitekeen bezala:

 

Gola sartu ostean ere nagusi izaten jarraitu dute txuri-gorriek eta Vilarrealek ez du zalantzan jarri inolako momentutan Athleticen garaipena.

Modu horretan, zazpigarren postuan kokatu dira txuri-gorriak, 20 punturekin. Vilarrealek bi gehiago ditu, laugarren postuan.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun nagusiak NAIZen webgune berezian.