NAIZ
BILBO

‘Um campo de aviação’ lan portugaldarrak irabazi du Zinebiren sari nagusia

Joana Pimenta portugaldarraren ‘Um campo de aviação’ film labur dokumentalak irabazi du Zinebiren 58. edizioko sari nagusia. Euskal zinearen saria 15 minutuko ‘Gure hormek’ dokumentala zuzendu duten María Elorzak eta Maider Fernandezek eraman dute.

Lisboako Joana Pimenta zinegilearen ‘Um campo de aviação’ film labur dokumentalak irabazi du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 58. edizioko sari nagusia. Gaur goizean eman ditu ezagutzera aurtengo sarituak.

Bigarren urtez jarraian, Euskal zinearen saria emakumeek irabazi dute, oraingo honetan, protagonista emakumeak dituen 15 minutuko ‘Gure hormek’ dokumentala zuzendu duten María Elorzak eta Maider Fernandezek (Las chicas de Pasaik).

Juanjo Gimenezek zuzendutako ‘Timecode’ fikziozko film laburrak irabazi du espainiar Estatuko lan onenaren saria. Horrez gain, Gerardo Naumann zinegilearen ‘El trabajo industrial’ film argentinarrak lortu du film latinoamerikar hoberenarena. Zinebiko aurtengo edizioan 33 herrialdetako 71 film lehiatu dira sail ofizialean.

Aurtengo epaimahaiko kideak Andréa Picard Kanadako idazle, zine kritikari eta programatzaile independentea, Corina Moldovan-Florea errumaniarra, Krini Kafiris irakaslea eta Greziako komunikabideen ikerlaria, José Luis Rebollo konpositorea eta Virgínia García del Pino zinegilea izan dira.