NAIZ
DONOSTIA

Lan mundua euskalduntzeko egitasmoa elkarlanean garatuko dute ELA eta LAB sindikatuek

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, ELA eta LAB sindikatuek euskararen normalizaziorako duten konpromisoa berretsi eta komunikabideen aurrean lan mundua euskalduntzeko elkarlanean garatuko duten egitasmoa aurkeztu dute.

ELA eta LAB sindikatuen agerraldi bateratua, lan mundua euskalduntzeko egitasmoaren berri emateko. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
ELA eta LAB sindikatuen agerraldi bateratua, lan mundua euskalduntzeko egitasmoaren berri emateko. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan agerraldia egin dute ELA eta LAB sindikatuek, lan mundua euskalduntzeko elkarlanean garatuko duten egitasmoaren berri emateko.

Azaldu dutenez, bi sindikatuek ez zuten sinatu Hizkuntza Gaietarako Herri Aginteen Arteko Koordinazio Batzordeak (Hakoba) proposatutako adierazpena. Testu horrek, nabarmendu dute, «norberak hartu ditzakeen konpromiso indibidualak azpimarratzen ditu, Herri Aginteek eta, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizun politikoa maila berean jarriz».

«Edonork sinatzeko moduko adierazpen bati atxikimendua» emateko gonbidapena egitean, testuaren edukia «lausotu» du Lakuak, sindikatuon aburuz.

Ildo horretan, euskararen normalizazio prozesuarekin duten konpromisoa berretsi dute ELA eta LAB sindikatuek eta lan mundua euskalduntzeko martxan jarriko duten egitasmo pilotua aurkeztu dute, Euskara Erakundeen Gizarte Kontseiluarekin elkarlanean garatuko dutena. 

Urola Kostako 10-15 enpresatan jarriko dute praktikan egitasmo pilotua, «eskualdeko herri nagusiak buztiz eta enpresa tamaina zein izaera anitzak inplikatuz».

2017ko urtarriletik aurrera garatuko dute ekimena: formazio tailerra, enpresaren diagnosia, lehentasunak identifikatu eta lan mundua euskalduntzeko ekintza sindikala martxan jarriko dute. Horretarako, ELA eta LAB sindikatuek gune bateratuak sortuko dituzte eta langile guztientzako zabalik egongo dira ateak.

«Dinamika honen protagonistak langileak izango badira ere, lan munduko gainerako eragileekin hartu emanean arituko gara. Zubi lan hori Kontseiluak egingo du», adierazi dutenez.

Egitasmoaren baitan adosturiko plangintza betetzean, balorazioa egin, sorturiko baldintza berriak landu eta urrats berriak aztertuko dituztela gaineratu dute.