Bota genezake 70eko hamarkadara itzularaziko gaituen galdera bat. Zer da euskal musika? Eta erantzuna ere orduko antzekoa litzateke. Batzuen ustez, soilik euskaraz egiten dena sar daiteke zaku horretan. Besteen iritziz, aldiz, eremua zabaldu eta Euskal Herrian egiten den oro litzateke, hizkuntzaren galbaheak iradoki lezakeenari berebiziko garrantzia kenduta. Jakina dena da Azoka anitza dela eta azken urteetan askotarikoa izan dela musikaren alorrean bere salmahaietan erakutsi duen eskaintza. Euskaraz, gaztelaniaz eta beste erdal hizkuntzetan aritzen diren taldeen lanak salgai izan dira Durangoko mekan. Eta bisitariek erosi izan dituzte. Batzuk aipatzearren, Barricada, Doctor Deseo, Belako, Vendetta... Eta beste galdera bat kazetari honi otutakoa. Euskal musika delakotik kanpo behar lukete erdaraz abesten duten Euskal Herriko taldeek?
Durangoko Azokaren araudian musikak eta literaturak irizpide desberdinak dituzte eta, hartara, barne legedi horren arabera, letren eremuan eta musikarenean desberdintasunak nabarmenak dira ekoizpenari dagokionez. Eta hizkuntzaren afera tartean dago. Honatx auziaren bueltan argi apur bat eman dezaketen zehaztapen batzuk.
Urteetan zehar indarrean egon den araudia zurruntasunez aplikatu du aurten Durangoko Azokak musikaren alorrari dagokionez. Eta horrek –espero moduan– harrabotsa sortu du urteko uztako eta katalogoetatik erreskatatutako diskoak furgonetan sartu eta Landakorako bidea hartzen duten diskoetxeetan.
Azokako araudiaren 7.2 artikuluak honela dio musikaren alorrari erreferentzia eginez: «Lehentasuna izango dute erabat euskaraz dauden ekoizpen lanak. Kontuan izango dira, baita ere, baldintza hauek betetzen dituzten ekoizpenak. 1. Beste hizkuntza batzuk ere izan arren, euskarazko abestien presentzia nagusia denean (%51). 2- Erabat melodikoak diren diskoetan, euskal musikarien sorkuntza lanak eta/edo interpretazioak onartuko dira». Hau da, disko bakoitzaren gutxienez %51k euskarazkoa behar du izan Durangoko Azokan salmentan jarri ahal izateko eta, bestetik, hizkuntzaren mugak gaindituta, edozein euskal talderen lanak onartuko dira betiere instrumentalak edo melodikoak badira.
Liburugintzaren alorrean bestelakoak dira Gerediagak ezarritako irizpideak eta bada alderik bata bestearekiko. 7.1 artikuluak dioena dakargu lerrootara: «Lehentasuna izango dute erabat euskaraz dauden argitalpenak aurkezten dituztenak. Kontuan izango dira, baita ere, baldintza hauek betetzen dituzten argitalpenak: 1. Beste hizkuntza batzuetan argitaratuta egon arren, ezaugarri gisa eduki berezko gai euskaldunak dituztenak. 2. Literatura lanetan (eleberriak eta poesia), jatorrizko bertsioa euskarazkoa denean, beste hizkuntza batzuetara itzulita dauden lanak».
Gerediaga elkarteak jakinarazi duenez, araudia berbera da azken urteetan, ez da aldatu, baina diskoetxeetatik etorritakoaren arabera, inoiz ez da halakorik betearazi, salbuespenen bat izan ezik. Egunkari honek Gerediagara jo du hasieratik gaiaren inguruko argipenen bila, baina antolakuntzak ez du aferari heltzeko nahirik agertu. Beraz, diskoetxeetan ate joka hasi gara gogoeta eta iritzien bila.
Hanka sartu dute
Durangoko Azokako salmahaietan dauden diskoetxe nagusiekin harremanetan jarri da GARA, baina batzuek uko egin diote adierazpenak egiteari. Beste batzuek, ordea, gertatzen ari denaren inguruko iritzia publiko egitea erabaki dute. Maukatik, Koldo Rodriguezek egin ditu bozeramaile lanak. «Uste dugu Gerediagak hanka sartu duela oraingoan. Uste dugu euskal musikaz hitz egiten dugunean erabili beharko litzatekeela liburuekin erabiltzen den irizpide berbera», nabarmendu du.
Horrek ez du esan nahi, bere iritziz, erdal hizkuntza batean aritzen den edozein taldek lekua behar lukeenik Landakon bertan. «Estatuko talde bat sartzea, adibidez, ez genuke ulertuko. Iaz gertatu zen diskoetxeren batekin eta uste dugu hortik sortu dela polemika», ohartarazi du Rodriguezek. «Nolanahi ere, uste dugu Euskal Herrian badaudela talde asko erdaraz abesten dutenak eta horiek ere beraien lekua izan behar lukete Azokan, liburuek daukatenaren berdina, betiere taldea Euskal Herrikoa bada», gaineratu du.
Maukaren kasuan soilik disko bakar bat utzi behar izan dute kanpoan, Brigada Improductiva taldearen lana, hain zuzen. Jakinarazi dutenez, Azokak berak pasatu du diskoen zerrendako galbahea eta disko bakoitzean euskararen presentzia %51koa baino txikiagoa bada katalogotik at utzi dute. «Uste dut beraien borondaterik onenarekin egin dutela, baina ez dute asmatu. Beraien modua izan da euskal musika blindatzekoa», aipatu du.
Bigarren iritzia Baga-Bigako musika argitaratzaile Ritxi Aizpuruk luzatu du. «Gerediaga elkartearen araudian urteetan egon den puntuetako bat izan da Azokako standetan saldu ahal diren diskoak euskara hutsean egon behar direla edo disko instrumentaletan euskal artistaren lana izatea. Hori izan da oraintsu arte araudiak markatutakoa diskoetan; hots, bakarrik euskal diskoak zirela onargarri. Baina araudia urteetan urratua izan da», ohartarazi du Aizpuruk. «Batzuetan, nahiz eta disko jakin batek kantu bakarra eduki euskaraz, hori aitzakia zen diskoetxeetako arduradunentzat standetan salmentan jartzeko. Aitzakiei Gerediagak ez ikusiarena egin eta dena aurrera», jarraitu du. Eta zorrotz esan du: «Baina euskarazko letrarik gabeko disko asko saltzen zirenez, Gerediagak euskara tasa diskoetan jaitsi egin du %51ra. Eta zorroztasunez indarrean jarri duten araudi berria betearaztea nahi du. Araudi berriaren %51 horrek kezka sorrarazi du hainbat diskoetxetan. Ez nago ados %51rekin. Euskal Liburu eta Disko Azoka ‘euskal’ baldin bada, ez dago ehunekorik ezarri beharrik; horrek esan nahi du euskal liburuetan ere ez dela txokokeriarik onartu behar. Ehuneko ehun euskaraz, disko zein liburuetan», jarri du azpimarran.
Azken egunetan egindako errondan soilik bi diskoetxe horietako argitaratzaileen iritziak bildu dira. Isiltasuna nagusi izan da jotako ate gehienetan. Hartara, aferaren izaera arantzatsua agerian geratzen da. Izan daiteke, agian, duela 40 urte jaurtitako galdera haien erantzun bateraturik erdietsi ez dela oraino eta gaiari heltzea ezinbestekoa litzakeela gisa horretako eztabaidei aterabide adostu bat emateko. Norberak atera ditzala kontuak. Eta ikus dezala zer dagoen salmahaietan. Azoka zabalik dago.