NAIZ
USURBIL

Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeetara martxak egingo ditu Sortuk abenduaren 24 eta 31n

Abenduaren 24an Zaballara eta abenduaren 31n Basauri eta Martuteneko espetxeetara martxak antolatu ditu Sortuk. Kalera Kalera ekimenaren balioa nabarmendu du eta jendartearen konpromisoa eskatu du espetxeak hustutzeko.

Sortuko ordezkariak Kaleragunean izan dira, Usurbilen. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Sortuko ordezkariak Kaleragunean izan dira, Usurbilen. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Sortuko ordezkariak Usurbilen izan dira gaur goizean, Kalera Kalera ekimenean parte hartzen ari diren preso ohiei babesa eta elkartasuna adierazteko. Bide batez, abenduaren 24an Zaballara eta 31n Martutene eta Basauriko espetxeetara antolatu dituen martxak aurkeztu dituzte.

Arkaitz Rodriguezek Kalera Kalera ekimenaren eta berau bultzatu duten preso hoien balioa nabarmendu du eta gatazka politikoaren inguruan duten posizionamenduak garrantzia duela azpimarratu du, «sufrimenduaren parte bat ordezkatzen baitute» eta «lehen pertsonan ezagutzen dute zer den arrazoi politikoengatik espetxean egotea».

Presoek pairatzen duten egoeraren «arduradun nagusia» espainiar Gobernua da Sorturen ustez; Kolonbian elkarrizketa negoziatua babesten duen bitartean, Euskal Herrian «direnak eta ez direnak egiten ari da konponbide prozesua ezinezko bilatzeko».

Rodriguezek esan duenez aurreko zikloa «erabat itxi» eta berria irekitzea izango da Sorturen lehentasuna eta horretarako presoak espetxeetatik atera behar dira, «euskal jendarteak adosten duen eran, baina espetxetik atera behar dira».

Auzi honen irtenbidea indar bilketatik, «herriaren mobilizaziotik eta subirautza prozesuaren aurrerapenetik» etorriko dela uste du, «ez bakearen etsaiekin lortutako akordiotik», eta ildo horretan «presoek beren ekarpena egiteko borondate osoa dute».

Ondorioz, «espetxe frontetik espetxeak hustutzeko frontera» pasatzeko ordua iritsi dela nabarmendu du, eta eginkizun horretan presoen «papera bezain funtsezkoa da jendartearen konpromisoa». «Ez da normalizazio politikorik izango arrazoi politikoengatik herritarrak askatasunik gabe mantentzen diren bitartean», adierazi du Rodriguezek.

Horrenbestez, deia egin dio jendarte osoari, normalizazioaren alde dagoen orori eta euskal presoek etxean behar dutela pentsatzen duen orori, kartzeletara antolatu dituen martxetan parte har dezan.