@MartxeloDiaz
IRUÑEA

euskalkiak.eus webgunea, euskalkiak ezagutzeko tresna

Koldo Zuazok bultzatu duen euskara.eus webgunea une bakoitzean euskara egokiena erabiltzen laguntzeko tresna izan nahi du. Astelehenean aurkeztuko du Iruñeko Kondestable jauregian.

Euskalkiak.eus-en irudia.
Euskalkiak.eus-en irudia.

«Euskara hizkuntza funtzionala izango bada eta hiztunek edozein egoeratan erabiliko badute, zeregin guztietarako egokitu behar da; ez da nahikoa euskara batu jasoa. Haur eta helduekin, lagun eta ezezagunekin, gertuko nahiz urrunekoekin, lanbide bereko edo beste edozein arlokorekin erabiltzeko egokitu behar da».  Hau da Koldo Zuazok bultzaturiko euskalkiak.eus webgunearen abiapuntua. Heldu den astelehenean aurkeztuko dute webgunea Kondestable jauregian (19.00).

Zuazok gaur azaldu duenez, ahalegin handiak egin izan dira urrunekoekin komunikatzeko (bizkaitarrekin, zuberotarrekin...) baina gertukoekin komunikatzea bigarren mailan utzi da. Horren aurrean, Zuazok hizkuntza zabalaren aldeko apustua egin da. «Lau urtekoekin, hamalaukoekin edo berrogeikoekin hitz egiteko. Lanbidekoekin eta lanbidetik kanpokoekin. Urruneko jendearekin eta gertukoekin», esan du.

Oinetakoen metafaoro erabili du euskara batua eta euskalkiez aritzeko. «Txankletak, botak, igandeko oinetakoak, etxekoak ditugu. Bakoitzari erabilera desberdina ematen diogu. Zein da hoberena? Ez dago hoberenik. Dugun beharren arabera erabiltzen ditugu. Euskararekin berdin gertatzen da», azaldu du.

Gauzak horrela, Leitzan edo Donibane Lohizunen erabiltzen den euskara batua berdina ez duela izan behar defenditu du. Edo Habanako unibertsitatea eta Arbizun. Tokian tokiko esamoldeak eta hitzak erabiltzearen alde azaldu da, beti ere hiztunen beharrei erantzuteko.

Iruñerriari dagokionez, gazteleraren nagusitasuna kontuan izanda, euskara batuaren alde egin du, baina nafar euskalkien elementuak txertatuz. Euskara nagusi den tokietan (Arbizu edo Goizueta aipatu ditu) euskalkiak erabiltzearen alde azaldu da.

Webgunean atal zenbait aurkitu daitezke (Euskara batua. Tokiko batuak. Euskalkiak. Hizkerak). Honekin batera, euskalki desberdinetan grabaturiko bideoak ere ikusi daitezke. Honetan, gaurkotasunaren aldeko apostua egin dutela nabarmendu dute. Orain arte, horrelako grabazioetan jende heldua azaldu ohi da, iraganeko kontuak kontatuz. Horrek euskalkia iraganarekin lotzeko arriskua ekartzen duela esan du Zuazok. Hemen XXI. mendeko lagunak daude, gaur egungo lanbideetaz mintzatzen.