NAIZ

Euskal artista gazteek Guggenheim museoan artelanak erakusteko aukera izango dute

Eginberri arte proiektuak aurkezteko lehiaketa antolatu du Guggenheim museoak, 35 urtetik beherako EAEko artistei zuzenduta. Artelanak garatu eta museoan erakusgai ipintzeko aukera emango die Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan prestaturiko lehiaketak.

Guggenheim museoa. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Guggenheim museoa. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Museo bilbotarraren arduradunek jakinarazi dutenez, edozein arte diziplina onartuko da deialdian, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak eta performancea. Proposamenak aurkezteko epea ostiral honetan hasi da, eta 2017ko urtarrilaren 30an amaituko da. Ondoren, Guggenheim museoko eta Bizkaiko Foru Aldundiko bina ordezkarik osatutako epaimahaiak proiektu nabarmenenak hautatuko ditu.

Aukeratutako sormen lanak -gutxienez hiru eta gehienez hamar- 2017ko apirilaren 10etik maiatzaren 7ra izango dira ikusgai museoko 177. aretoan; performance izaera duten lanak beste gune batzuetan ere aurkezteko aukera izango da. Museoko arte arduradun taldea izango da proiektuaren komisarioa eta hautatutako artista bakoitzak 1.500 euroko diru laguntza izango du obrak ekoizteko eta museoan erakusteak dakartzan gastuak finantzatzeko.