NAIZ

Bilboko Konpartsak San Tomas egunean

Bilboko Konpartsek egitarau zabala antolatu dute San Tomas azokarako eta azaldu dutenez, ohiko txerriki eta ortukarien zozketan bildutako dirua Labore ekimenari emango diote.

Bilboko Konpartsek txosna jarriko dute urtero bezala.
Bilboko Konpartsek txosna jarriko dute urtero bezala.

San Nikolas elizaren inguruan antolatu dituzte Bilboko Konpartsek antolaturiko musika eta bertso ekimenak. Azaldu dutenez, eguneko zozketarako zenbakia salgai izango da, Bilboko Konpartsen egutegiarekin batera.

Egitarauari dagokionez, txosna goizeko 11.00etan zabalduko dute. Eguerdian, pintxo eta indabak banatzeari ekingo diote, txalapartaren doinupean. 13.00etan Malen Amenabar, Oihana Bartra eta Maialen Akizu arituko dira bertsotan eta 14.00etan gaiteroek joko dute oholtzaren gainetik.

Bazkal ostean eta eguna bukatu arte, Urrats erromeria arituko da. Hala ere, 18.30etan, zozketa burutuko dute, bertoko baserritarrek ekoiztutako barazki zein baserriko txerriki ekologikoekin. Zozketako dirua Labore ekimenari emango diote, bertako kontsumitzaile eta baserritarren aliantzari, nekazaritza bidezko merkataritza alternatiboa bultzatzeko.

20.00etan, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik, Zazpi Kaleetako Txakur kaletik.