Tarragonako 0-3koak lasaitasun handia ematen zion Alavesi gaurko partidarako. Ezer gutxi lehian baina nagusi agertu dira gasteiztarrak. Eta 11. minuturako aurretik zegoen Pellegrinoren taldea, Edgarrek kanpotarren atezaina buruz-buruko batean gainditu eta gero.
Aurreko lasaitasuna areagotu du golak, eta hori gutxi balitz, ordu erdia bete baino lehen, bigarrena egin dute arabarrek eta Nastic 10ekin geratu da. Kakabadzek bigarren txartel horia ikusi du penaltia egin eta gero, eta Ruben Sobrinok ez du hutsik egin.
40. minutuan iritsi da hirugarrena. Krsticicek gol ederra egin du areaz kanpotik. Ezker hankaz egindako jaurtiketa batekin utzi du bere sinadura gaurko partidan.
Bigarren zatian ez da ezer egon jokoan. Bi taldeak ordulariari begira egon dira, partida noiz amaitu eta gabonetako oporrak hartu zain. Alaves bihar egingo den final zortzirenetako zozketan izanen da, gainontzeko euskal taldeen modura.