NAIZ
DONOSTIA

Kalera Kalera ekimeneko ordezkariekin bilera egin du Sarek Usurbilen

Sare plataformaren delegazio bat Usurbilgo Kaleragunean izan da eta bertan Kalera Kalera ekimeneko ordezkariekin bildu da, presoen inguruko lana indartzeko.

Sareko eta Kalera Kalera ekimeneko ordezkariek Usurbilen egin dute bilera. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Sareko eta Kalera Kalera ekimeneko ordezkariek Usurbilen egin dute bilera. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Joseba Azkarraga eta Xabin Juaristi buru zirela, Sare herritarraren delegazio batek Usurbilgo Kaleragunera bisita egin du astearte honetan.

Kalera Kalera ekimeneko ordezkariekin bilera ere egin dute, presoen inguruko lana indartzeko.

Komunikabideei eginiko adierazpenetan, Juaristik aipamena egin dio urte bukaeran EPPK-k publiko egin zuen dokumentuari eta mahai gainean jarri duen eztabaida prozesuari. «Saretik, gatazkaren konponbidearen inguruan urratsak egitea planteatzen duen edoizein ekimen begi onez ikusten dugu eta erabat baikor baloratzen dugu», adierazi du.

«Ekarpenak konponbidean aurrera egiten jarraitzeko etortzen diren heinean Sareren babes osoa izango dute», gaineratu du Juaristik.

Aldiz, Gobernu espainolaren jarrera «hertsia» dela nabarmendu du eta «presoek urratsak eman dituzten bakoitzean ezezko borobilarekin erantzun» duela gogoratu du.

Horregatik, euskal jendarteak mobilizazioaren bidez «bidelagun» izan behar duela azpimarratu du, dispertsioarekin bukatzeko, gaixotasun larriak dituztenak kaleratzeko, zigorren batuketa gehituz kalean egon behar luketenen askatasuna lortzeko eta 7/2003 «salbuespen legeak suposatzen duen harresi handia eraitsi eta indargabetzeko».

Ildo horretan, heldu den urtarrilaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora joatea garrantzitsua dela nabarmendu dute Azkarragak eta Juaristik.