@belastegi
Donostia

«Bilboko kaleek gainezka egin dezaten» manifestaziora joateko deia egin du Etxeratek

Euskal presoen senide eta lagun ugari bildu dira gaur goizean Donostian urtarrilaren 14an haien giza eskubideen alde egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egiteko. Estatuen jarrera salatu dute, bost urtetan pausorik eman ez dutelako, eta jendeak ardura hartu behar duela uste dute.

Etxerateko ordezkari ugari bildu dira Bilboko manifestaziorako deia egiteko. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Etxerateko ordezkari ugari bildu dira Bilboko manifestaziorako deia egiteko. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Etxerateko kide diren Naike Diezek eta Patricia Velezek hartu dute hitza atzean zituzten hamarnaka presoen senide eta lagunen izenean. Urtarrilaren 14an beraiek ere Bilbora joango direla iragarri dute, egun horretan, ohi bezala, kartzeletako bisitarik egingo ez dutela. Izan ere, mobilizazioan parte hartzeko deia gizarte osoari egin diote, «Bilboko kaleek gainezka egin dezaten».

«Duela bost urtetik, gizarte honek konponbiderako bidea ikusi ahal izateko espainiar eta frantziar estatuen urratsen zai gaude», esan dute. ETAk armak uztea erabaki zuenetik estatuen aldetik pausoak itxaroten ari dira, baina oraindik ez dute jarrera aldaketarik ikusi. «Duela bost urtetik, pertsona guztien giza eskubideak errespetatu eta hauen urraketei lekua kentzeko zain gaude. Duela bost urtetik, orainean hitz egitera derrigortzen gaituen egoera batetik, iraganean hitz egin ahal izatea itxaroten ari gara», aipatu dute. Baina itxaroten ezin dutela jarraitu erantsi dute. «Ezin gara arriskatu egungo egoera barneratu eta salbuespeneko politikak, eskubideen bortxaketak, mendeku eta saminen estrategia arruntzat hartzera», azpimarratu dute.

Horregatik, Etxeratek uste du «gizarte osoari» dagokiola egoera horri amaiera ematea. «Preso eta iheslari politikoen senideak gara. Ezagutu eta saminez bizi dugu kartzelako salbuespen politika», nabarmendu dute ondoren hainbat egoera salatzeko: «Kartzelako salbuespen politiken betikotzea, isolamenduaren tortura, larriki gaixo daudenekin erakusten ari diren krudelkeria, bizitza eta osasunerako duten eskubidearen urraketa, senideen eskubideen urraketa, giza eskubideen aldeko lanen kriminalizazioa eta sufrimenduaren erabilpena».