NAIZ
BRUSELA

Gure Esku Dagoren mezua Europako Parlamentura eraman du Angel Oiarbidek

Lau talde parlamentariotako zazpi diputatuk antolatuta, erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazioaren inguruko konferentzia egin dute Europako Parlamentuan. Hizlarien artean izan da Angel Oiarbide, Gure Esku Dagoren ahotsa Bruselara eramanez.

Erabakitzeko eskubidearen inguruko konferentzia Europako Parlamentuan. (NAIZ)
Erabakitzeko eskubidearen inguruko konferentzia Europako Parlamentuan. (NAIZ)

‘The Right to decide: self-determination in the EU’ izenburupean (Erabakitzeko eskubidea: autodeterminazioa Europako Batasunean) konferentzia egin zen atzo Europako Parlamentuan, lau talde parlamentarioko zazpi diputatuk antolatuta.

Aretoa bete egin zuten 200 lagunek hamar hizlari entzuteko aukera izan zuten: galesak, irlandarrak, flandiarrak eta katalanak. Euskal Herritik, batetik Izaskun Bilbao (EAJ) eta Josu Juaristi (EH Bildu) europarlamentariak eta, bestetik, zuzenbideko doktore Juanjo Alvarez eta Gure Esku Dagoko Angel Oiarbide izan ziren hitzorduan.

Gure Esku Dagotik azaldu dutenez, Oiarbidek dinamikaren ibilbideari errepasoa egin zion. Azaldu zuenez, GED-ren nahia da herritarrek «sentitzea elkarrekin egitera iritsi gaitezkeena». Gaineratu zuen Gure Esku Dagok eskaintzen duela «elkargune bat, orube konpartitu bat, balore demokratikoetan sostengatuta, kultura politiko berri batekin».

Erabakitzeko eskubidea aldarrikapen demokratikoa dela adieraztean bat egin zuten hizlari guztiek eta, beraz, azpimarratu zuten herritarren borondateari bide eman behar zaiola.

«Europako kalitate demokratikoari egin diezaiokegun ekarpenik handiena gure herrietan demokrazian sakontzea» dela nabarmendu zuen Oiarbidek.