NAIZ
IRUÑEA

Elkarretaratzeak deitu ditu Emakumeen Mundu Martxak indarkeria sexista salatzeko

Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzeak deitu ditu gaur Donostian eta bihar arratsaldean Iruñean, Bilbon eta Gasteizen, azken egunotan izan diren eraso sexistak salatzeko.

Emakumeen Mundu Martxak gogor salatu ditu azken egunotan izan diren eraso sexistak, horien artean Blanca Marques Burlatako emakumearen hilketa; Izar, Sara Majarenas euskal presoaren alabaren aurka bere aitak egindako erasoa eta Gasteizen eta Durangon izan diren indarkeria kasuak.

Emakumeen aurkako indarkeria sexistak adierazpen ugari dituela nabarmendu du: eraso fisikoak, psikologikoak, sexualak eta haurren aurkako bortizkeria sexista.

Indarkeria sexistaren aurkako borrokan eragile sozial, politiko eta erakundeen ardura «pertsonal eta kolektiboa» ezinbesteko jo du, «hezkuntzan hasita beste edozein eremutan ere bai» eta «hitzetatik praktikara» pasatzeko garaia dela adierazi du.

Burlatako hilketa eta Valentzia, Gasteiz eta Durangoko eraso sexistak salatzeko elkarretaratzeak egingo ditu gaur, Donostian, 19.30ean, eta bihar Bilbon (19.30 Arriaga), Iruñean (20.00 Udaletxe plaza) eta Gasteizen (20.00, Andra Mari Zuria).