NAIZ

Zerbitzu publikoak hobetzeko proposamenak egingo ditu EH Bilduk Udalbatzan

EH Bilduk urtarrileko Udalbatzan aurkeztuko dituen sei proposamenen helburua etxebizitza eskubidea, kalitatezko garraio-publikoa eta zerbitzu publikoak bermatzea dira.

Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko bozeramailea Bilbon. (@ehbildubilbo)
Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko bozeramailea Bilbon. (@ehbildubilbo)

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak aurkeztu ditu koalizioak osteguneko Udalbatzan aurkeztu dituen proposamenak.

Etxebizitza eskubidearen inguruan egindako proposamenean etxe desjabetzeen aurkako protokoloa aipatzen du EH Bilduk, Ibaibarriagak azaldu duenez «gaur egun etxebizitza publiko batetatik botatzen duten pertsonek ez daukate eskubiderik protokolo horretan babesa bilatzeko». «Bilbon horrelako hainbat kasu identifikatu ditugu azkenaldian. Hori dela eta, egoera horretan dauden pertsonek eskubide hori izatea eskatzen dugu», azpimarratu du Ibaibarriagak.

Etxebizitza eskubidearekin lotutako gabeziarekin batera azterketa garaian kexa ugari egon direla ikasteko gelen inguruan aipatu du koalizioak. EH Bilduk eskatu du zerbitzu hori hobetzea egokitutako gela gehiagorekin eta ordutegi zabalago batekin.

Koalizioak Bilbao Kirolak-en abonamendu soziala ezartzea eskatuko du eta metro eta tranbiaren tarifen integrazioan urratsak ematea proposatuko du. 

UEFAri eskaria eta memoria historikoa

EH Bilduk euskal selekzioaren ofizialtasuna babestea eskatuko du Udalbatzan 2020ko Eurokopari begira. Horrez gain, Udalberri eta Goazen Bilbaorekin batera, Iralako auzokideek Frankismo garaian izendatutako Errege Katolikoak kalearen izena aldatzeko egindako eskaera ere babestuko duela adierazi du.