NAIZ
EIBAR

Eibarrek agur esan dio Kopari (2-2)

Kopan inoiz egin duen txapelketarik onena egin arren, finalerdietarako txartelik gabe geratu da Eibar, Atleticok kanporatu eta gero. Mendilibarren gizonek oso maldan gora zuten kanporaketa, Madrilen 3-0 galdu ostean, ezin izan diote buelta eman. (Partidak utzi dituen zenbakiak).

Eibarrek kanporaketako bi partidak galdu ditu Atleticorekin. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Eibarrek kanporaketako bi partidak galdu ditu Atleticorekin. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Erronka zaila zuen Eibarrek. Atleticok joaneko partidan lortu zuen 3-0ko emaitza iraultzea. Eta ez du lortu. Historian lehen aldiz izan da Eibar Kopako final-laurdenetan, baina ezin izan du hortik aurrera egin.

Gauzak zail zituen arren, gogotsu ekin diote gipuzkoarrek partidari, partida behintzat lehiatzeko asmoz. Eibartarrek grina jartzen zuten bitartean, Atletico lasai zegoen zelaian, kalitateak alde zuten kanporaketa guztiz erabakiko zuelakoan.

Eta honela joan da lehen zatia. Talde bakoitzak aukera apurren bat izan duen arren, gol usain handirik ez da izan. Aldiz, bigarren zatia hasi orduko aurreratu dira madrildarrak. 48. minutuan korner batean burukada ona egin du Gimenezek eta Yoel atezainak ezin izan du ezer egin.

Kanporaketa erabakita ez bazegoen, une horretan amaitu dira armaginen esperantzak. Hala ere berdinketaren bila jarraituko dute etxekoek. Eta bide horretan atera dira zelaira Pedro Leon eta Sergi Enrich 72. minutuan. Minutu bat beranduago Pedro Leonek ukitu duen lehen baloia zutoinera bidali du eta Enrichek aldaratzean, ukitu duen lehen baloia ere, sareetara.

Golak talde berpiztu du, eta nahiz eta gutxi zegoen jokoan, partidaren bila joan dira etxekoak azken minutuetan. Eta modu honetan iritsi da Pedro Leonen gola 80. minutuan ezkerrez eta bote-azkarrean. Oraindik ere egon da beste gol baterako tartea, baina kasu honetan madrildarrena izan da. Juanfranek binakoa jarri du markagailuan 85. minutuan.