NAIZ
BAIONA

25-30 hektarea inguru erre dira Biriatun izan den sute handi batean

Biriatuko Xoldokogaina mendian sutea handia izan da gauean, eta 25-30 hektarea inguru kiskali ditu. Bertaratutako 46 suhiltzaileek 7 ordu behar izan dituzte sua itzaltzeko.

Sutea ostegunean piztu zen, gaueko 22.00ak aldera, Biriatuko Xoldokogaina mendian, eta 25-30 hektarea artean erre ditu, horien artean Udalak zuhaitz gorriez eta urkiez duela 15 bat urte landatutako 15 hektarea.

Herrriko Etxeak salaketa jarriko du, uste baitu norbaitek sasiak erretzeko sua piztu zuela, abisatu gabe. Haize-bolada indartsuak zirenez, sua berehala hedatu zen.

Hendaia, Donibane Lohizune, Senpere, Ahurti eta Angeluko 46 suhiltzaile bertaratu dira eta goizaldeko 5.00ak arte izan dira sua itzaltzeko lanetan. Haize-boladak orduko 80 eta 100 kilometro artekoak izan direnez, zailagoa izan da suhiltzaileen lana.

Sutea ikusita, 15 pertsona etxetik atera ziren, baina goizaldeko 2.00etan itzuli ahal izan dira, arriskurik ez zegoela baieztatu eta gero.