Amagoia Mujika

Buruz behera edo ahoz gora bizitako bonbardaketa

Luis Altuna Ercillak hamabi urte zituen 1937ko martxoaren 31n Durango bonbardatu zutenean. Duela hilabete batzuk zendu zen, baina bere testigantza utzi du ondare. Detaile harrigarriekin kontatzen zuen, 80 urte geroago, mutiko hark ikusitakoa. «Goizean bonbardatu zuten herria eta jende guztia herritik kanpo zihoan. Sua eta kea zeuden bazterretan. Denek aitari buruz galdetzen zuten, inork ez baitzuen ikusi. Amarekin eta amonarekin elkartu nintzen, frontean mugimendua etengabekoa zen eta pentsatzekoa zen beste bonbardaketa bat gertatuko zela. Etxea itxi eta herritik kanpo aldera joan ginen, baratze batzuen ingurura, zanga batean ezkutatzeko asmoz. Arratsaldeko lau eta erdiak aldera lau hegazkin azaldu ziren. Zangan etzan ginen. Denak buruz behera jarri ziren, eskuekin burua babestuz. Ni, ahoz gora. Bonbak nola erortzen ziren ikusi nahi nuen. Harrigarria iruditu zitzaidan lau hegazkinen jarduteko modua. Lauak batera etorri ziren, baina buelta bakoitzean batek deskargatzen zuen. Txandaka. Gerora inori ez diot entzun detaile horri buruz ezer, baina ni begira nengoen eta harritu egin nintzen. Lau buelta egin zituzten herriaren gainean eta buelta bakoitzean hegazkin batek deskargatu zuen. Erasoa bukatu eta erretiratzera zihoazela zirudienean, ehiza-hegazkinak azaldu ziren, bata bestearen atzetik. Inguru guztiak metrailatu zituzten, herritik aparte zeuden baratzetan ezkutatutakoak harrapatu nahi zituzten. Beldur handia pasatu genuen, gure inguruan ere metrailatu zutelako, gugandik oso gertu. Berehala hasi ziren kamioiak azaltzen, hildakoak hartu eta hilerrira eramateko. Bada gertaera bat beti buruan izan dudana. Zangan sartuta ginenean, emakume bat azaldu zen inguruan, haur txiki bat besoetan zuela. Ezkutatzeko toki baten bila zebilen eta azkenean gure aurreko baratze batean ezkutatu zen, landare luze batzuen artean. Erasoa amaitu zenean, inor ez zen ausartzen landare haietara hurbiltzen. Segituan sumatu genuen kamioia hor inguruan. Handik gutxira, miliziano bat etorri zen eta besoetan haur bat zuen emakume bat ikusi al genuen galdetu zigun. Inork ez zion erantzun, mutu geratu ginen. Azkenean gurekin zegoen gudari batek esan zion landare horien artean ezkutatu zela eta berekin hurbildu zen toki hartara. Dagoeneko gorpua eramana zuten kamioian, baina emakumearen arropak han zeuden. Gogoan dut milizianoak nola egiten zuen negar arropa haiek eskuan hartuta».

Lucia Ganboak ere ederki gogoratzen du bonbardaketa gertatu zen eguna. Goizeko kontaketaren inguruko zenbait pasarte jarraian: «Amak txikoria fabrikan egiten zuen lan. Lanera joan zenean eskutitz bat utzi zidan, Bilbon bizi zen izebarentzat. Gosaldu eta eskutitz hura Correos-era eramateko agindu zidan. Bota nuen eskutitza eta etxerantz nentorrela entzun nuen lehen sirena. Lehenengoa alarma izen zen, gero segidan peligro. Etxera iristerako nire izeba bat atean zegoen, kanposantu bidera joan behar genuela esanez. Ohituta geunden, beti hara joaten ginen hegazkinak etortzen zirenean. Egunero etortzen ziren hegazkinak eta paperak botatzen zituzten. Gogoan dut paper haietan jartzen zuena: ‘Durangueses rendios. Si no os rendis arrasaremos Durango. El General Mola’. Egun horretan ere kanposantura bidean gindoazela hasi ziren hegazkinak gerturatzen, eta guk paperak botako zituztela pentsatzen genuen. Baina, bat-batean, bonbak botatzen hasi ziren eta denok lurrera jauzi ginen presaka. Lurra sartzen zitzaigun ahora. Gogoratzen du haur bat negarrez eta negarrez hasi eta esaten zuela: ‘ama, ama, yo fui el que te comi el chocolate’. Hark pentsatu zuen han hilko zela eta bekatu hura konfesatu behar zuela hil aurretik. Hortik joateko esan ziguten, arriskutsua zela. Kanposantura joan eta panteoietan sartzeko esan ziguten, han seguru egongo ginela. Kanposantura bidean hilekin goraino beteta zetorren kamioia ikusi genuen. Miliziano bi kamioiaren atzean fusilarekin. Gure ondotik pasa zenean gorpu bat jauzi zen kamioitik lurrera. Burua zulatuta, arropa gorria, besorik gabe... denak builaka hasi ginen. Bota zituzten hara hildako guztiak eta kamioia bueltan joan zen, hildako gehiagoren bila. Egun guztia horrela pasatu zuen».

Lapurretak

Gerra latza izan zen, baina ondorengoa ere ez zen samurra izan. Duela gutxi zendu den Alberto Barreñak kontatzen duenez, «Durangora etorri ginen eta ez genuen ezer topatu. Dena lapurtu ziguten. Zenbait etxetan garbi agertzen zen idatzita paretan: ‘respetar esta casa porque es de carlistas’. Guk etxean gauza asko genituen. Ameriketara joandako osaba bat genuen, amaren anaia, eta hark ekarritako gauza interesgarriak genituen. Tartean, gramofono bat eta biolin bat. Dena desagertu zen. Susmoa daukat gure osabaren biolina Mañariko batzuen etxean egon dela. Nola dakidan? Duela gutxi jakin nuen, GARAko ZAZPIKA astekarian irakurri nuelako, Mañariko nire lagun batek biolina jotzen zuela. Ni baino bizpahiru urte gazteagoa zen. Bere iloba batek kontatzen zuen erreportaje horretan berak biolina maite zuela Mañariko izeba horrek asko hitz egiten zuelako haurra zela nola jotzen zuen biolina. Haien etxean gerra aurretik ez zen biolinik eta ondoren bai. Eta gure etxekoa falta. Nik susmoa daukat hori gure osabarena zela».

Erbestearen karga

Asko izan ziren, baina, gerra ostea Durangotik urruti bizi behar izan zutenak, ihes egin behar izan zutenak. Marina Fusterrek kontatzen du bere amonaren eta amaren erbeste istorioa, Benita Bollain eta Benita Uribarrena, hurrenez hurren. Estatu frantsesera ihes egin eta han egin zuten bizimodua, nahiz eta beti pentsatzen zuten laster Durangora bueltatuko zirela. «Nire aitona Santiago Uribarrena 1934ko grebarako prestatzen ari zen eta armak gordetzen ari ziren errekan. Aitonak trenbidean lan egiten zuen eta han sortu zitzaion langile kontzientzia. Familia karlista batetik zetorren, baina, aldiz, aitona sozialistagoa zen. Abenduko gau batean guardia zibila etxera etorri eta errekara eraman zuen. Armak aterarazi zizkioten eta handik gutxira hil zen pneumonia batek eta disgustuak jota. Amona lau seme-alabaren kargu geratu zen. Hasieran trenbideetako langileek lagundu zioten. Kontatzen zuen aitonaren hiletan –Durangoko lehen hileta zibila izan zen– langileek beroki bat zabal-zabal jarri zutela lurrean eta han jendeak dirua bota zuela, alargunari laguntzeko. Baina gerora seme-alabak eskolatik atera eta lanean jarri behar izan zituen aurrera egin ahal izateko. Amonak kiosko bat zuen Durangon, idazten eta irakurtzen zekien eta emakume informatua zen. Errepublikazalea zen eta seme-alabei transmititu zien ikuspegi hori. Durangoko bonbardaketaren ondoren, Santi semea frontera joan zen eta Nati alaba Brigada Internazionalistetara. Ordurako biak Juventudes Comunistas-eko kide ziren. Amona eta beste bi alabak –tartean nire ama– Frantziara eramanak izan ziren ‘Habana’ itsasontzian. Ez zeukaten ezer. Amak kontatzen du barkutik jaitsi eta lurra zapaldu zuenean, zapata bakarra zuela».