NAIZ
BILBO

Eredu energetiko propioa eta eskuduntza guztiak aldarrikatu ditu EH Bilduk

Gasteizko Parlamentuan EH Bilduko legebiltzarkidea den Mikel Otero EVE Euskadiko Energia Erakundearen barruan den SHESA hidrokarburo elkartearekin bildu da. Oterok «eredu energetiko propioa» aldarrikatu du, eta horretarako «eskuduntza guztiak» behar direla azpimarratu.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea EVE Euskadiko Energia Erakundearen barruan den SHESA hidrokarburo elkartearekin bildu da, gaur goizean, Bilbon. Pobrezia energetikoari aurre egiteko EH Bilduren proposamenak helarazteko baliatu du bilera Oterok eta «eredu energetiko propioaren beharra» nabarmendu. «Horretarako eskuduntza guztiak behar ditugu, herritarren kontrolean egonen den energia eredu bat», gehitu du.

Argindarraren prezioaren gorakadaren aurrean kritiko agertu da Otero: «Gobernuak eguraldiari begira jarri nahi gaitu, baina horrekin benetako arrazoiak ezkutatzea baino ez dute helburu». Zentzu honetan, azpimarratu egin du espainiar Estatuan Europa mailako preziorik altuenetakoa duela.

Urteetan garaturiko politikak egin ditu honen errudun, eta «argindarraren prezioaren kontrola enpresa gutxien esku» egotea, honek «alderdi politiko batzuen eta enpresa gutxien artean sortu duten aliantzaren» ondorio.

Era berean, salatu egin du «ate birakarien» sistema, azpimarratuz «dozenaka politikari enpresa hauen administrazio batzordeetan daudela». «Hori horrela izanik oso zaila da botere publikoa jendearen ardurak betetzea eta enpresa gutxi hauen interesetara jotzen du», adierazi du bileratik irtetean. «Aliantza hori hautsi ezean, honek berdin jarraituko du eta pobrezia energetikoaren datuak are eta okerragoak izango dira».