NAIZ
Usurbil

Usurbilgo Udalak Olatz Lasagabaster presoaren eta alaba jaioberriaren egoera salatu du

Usurbilgo Udaleko gobernu-taldeak mozio bat aurkeztu du espetxean ama izan berri den Olatz Lasagabaster euskal preso politiko usurbildarraren eta bere alaba Xuaren egoera salatuz. Lasagabaster, alaba eta ere preso dagoen aitaren Euskal Herriratzea eskatu dute. EH Bildu eta EAJren babesarekin onartu da. PSOEko zinegotziak berea aurkeztu du baina ez da aurrera atera.

Usurbilgo EH Bilduren gobernu-taldeak mozio bat aurkeztu du udalbatzan espetxean ama izan berri den Olatz Lasagabaster euskal preso politikoaren eta bere alaba Xuaren egoera salatuz. «Ez da onargarria preso dagoen euskal herritar bat bere herritik 600 kilometrora erditzera behartzera, familiakoen eta lagunen inolako babes eta gertutasunik gabe. Biolentzia hori mendeku goseak eragindakoa da, eta erabat tokiz kanpo dago», adierazi dute aurkeztutako testuan.

Honen aurrean ama, alaba eta preso ere dagoen aitaren Euskal Herriratzea aldarrikatu dute. «Era berean, gainontzeko euskal preso politikoak ere Euskal Herriratzea eskatzen dugu horrelako egoerarik berriz gerta ez dadin».

EH Bildu eta EAJren babesarekin onartu da mozioa. PSOEko zinegotziak berea aurkeztu zuen baina ez zen aurrera atera.

Olatz Lasagabaster, Usurbilgo preso politikoa, ama izan zen Valentziako ospitale batean urtarrilaren 19an. «Xua bere herritik 600 kilometrora munduratu da. Erditzeko momentuan, ez zegoen familiartekorik ez lagunik aldamenean. Ospitaleko mediku eta erizainek zaindu zuten; poliziek, zelatatu».

Lasagabasterren ama gerturatu zen Valentziara baina pneumonia arazoak zirela-eta ospitaleratu egin behar izan zuten, ama eta biloba ikusi gabe. Haurraren aita ere preso dago, eta  espetxe-aldaketa aspaldi eskatua duen arren, ez du alaba ezagutzeko aukera izan.
«Pertsonontzat ez da zaila irudikatzea ama berriaren bakardadea, aitaren ezintasuna, amonaren tristura. Erraz konpreni dezakegu familiaren eta gertukoen kezka, ezintasuna eta amorrua. Izan ere, zer dela-eta jaio behar izan du Xuak bere herritik 600 kilometrora? Zergatik behartu da familia hori hain egoera zailera? Sufrimendu hori doakoa da eta bidegabea. Biolentzia hori ez da onargarria», adierazi du EH Bilduk ohar baten bidez.

Gogora ekarri dute ere Sara Majarenas eta bere alaba Izarren kasua, azken honen aitak erasotua. «Behar-beharrezkoa da Sara eta Izar ama-alabak elkarren ondoan egon daitezen, kalean eta baldintza egokienetan, eraso horrek eragindako kalte lazgarriari aurre egiteko. Horregatik eskatzen dugu ama-alabak lehenbailehen baldintzapeko askatasunean jartzea».