NAIZ

Arles hiriko ordezkaritza batek Bilbo bisitatuko du hiriaren eraldaketa ezagutzeko

Estatu frantseseko Arleseko Udalaren ordezkaritza bat Bilbon izango da otsailaren 2an eta 3an.

Bizkaiko hiriburura egingo duen bisitan, Arles hiriko ordezkaritza udaleko ordezkariekin bilduko da hiriaren eraldaketaren berri izateko. Arleseko ordezkaritzak ezagutu nahi du Bilboko Udalak nola ekin zion Guggenheim Museoa abian jartzeari.

Museoa bisitatu ondoren, BilbaoArte Fundazioaren zuzendari den Juan Zapaterrekin bilduko da.

Arles hiria bete-betean sartuta dago Luma Arles delakoaren eraikuntzan. Asmo handiko zentro artistiko hori Luma Fundazioak eta artearen mezenas den Maja Hoffmannek sustatu dute. Estatu frantsesean dagoen Arles hiria arteari zein historiari hertsiki lotuta dago; izan ere, erromatarren garaiko eraikin ugari ditu. Era berean, Van Gogh artistari lotuta dago, margolan asko hiri horretan egin baitzituen; hori dela eta, hirian fundazio bat dago artista holandarraren omenez.