NAIZ

La Milagrosa ikastetxea publikoa bihurtzea eskatu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarteri Milagrosako ikastetxearen etorkizunari konponbidea bilatzeko eskatu dio.

Iker Casanova, EH Bilduko legebiltzarkidea.
Iker Casanova, EH Bilduko legebiltzarkidea.

EH Bilduko parlamentaria den Iker Casanovak Legebiltzarrean gogoratu duenez, La Milagrosa ikastetxearen itxiera datorren urtean errealitatea bilakatu daiteke eta koalizioarentzat «ez da onargarria 39 langileak kalean utzi eta ikasleak Rontegi eta Minas ikastetxeetan birkokatzea, hezkuntza proiektuak galduko direlako eta aipatutako ikastetxe hauetan masifikazio arazoak eman daitezkeelako».

EH Bilduren ustez Hezkuntza Sailak irizpide ekonomikoak lehenetsi ditu hezkuntza irizpideak alde batera utziz. Hori dela eta ikasleak birkokatu eta irakasleak kalean uzteko erabakia alde batera utzi eta beste konponbide bat bilatzea eskatu dio sailburuari. Casanovaren iritziz, «Jaurlaritza berandu eta txarto ari da hori dela eta ikastetxearen hezkuntza proiektua eta 39 lanpostuak bermatzea beharrezkoa da. Ikastetxe hau publiko bihur daiteke».