NAIZ
BARTZELONA

Mas: «Lepoa tente sartuko gara auzitegira»

«Egin behar genuena egin genuen eta berriro egingo genuke; lepoa tente sartuko gara auzitegira», adierazi du Generalitateko presidente ohi Artur Masek astelehen honetan bera eta beste bi kide epaituak izango diren epaiketaren harira.

Mas, Kataluniako Auzitegi Gorenean deklaratu behar izan zuenean. (Lluis GENE / AFP)
Mas, Kataluniako Auzitegi Gorenean deklaratu behar izan zuenean. (Lluis GENE / AFP)

Generalitateko presidente ohi Artur Mas eta Irene Rigau eta Joana Ortega Kontseilari ohiak epaituak izango dira astelehen honetan, 2014ko arazoaren 9an egin prozesu parte hartzailearen ondorioz. Epaiketaren harira, bada, agerraldia egin dute hiruek.

Bartzelonako Historiaren Museoan agertu dira auzipetuak. Egin zutenagatik barkamenik ez dutela eskatuko adierazi du Masek, Kataluniako gehiengoaren nahia zena bideratu besterik egin ez zutela ulertuta.

«Jende andanak jarri zuen bere alea Kataluniak prozesu parte hartzailea aurrera eraman zezan. Egin behar genuena egin genuen, eta berriro egingo genuke; lepoa tente sartuko gara auzitegira», gaineratu du presidente ohiak.

Oroitarazi du bi milioi pertsona baino gehiagok hartu zuela parte 2014ko ariketa hartan: «Demokrazia lezioa eman genuen Katalunia, Espainia eta munduaren aurrean». Horregatik, gaitzetsi egin du Madrilek sustatzaileen aurka hartu duen jarrera: «Intolerantea den estatu baten aurka jo dugu, desadostasuna onartzen ez duen estatu batekin».