@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Txantrearrek «Unai Salanueva plaza» ofiziala izatea eskatuko diote Udalari

Orain arte «Unairen Txokoa» bezala ezagutzen den tokiari hemendik aurrera ofizialki «Unai Salanueva plaza» ofizialki izendatzea eskatu diote Iruñeko Udalari. Intsumitu preso izendakoaren heriotzaren 20. urteurrena dela eta gaur eguerdian egin dioten omenaldian egin dute eskaera hori.

Unai Salanuevaren senideen omenezko aurreskua. (Iñigo URIZ-ARGAZKI PRESS)
Unai Salanuevaren senideen omenezko aurreskua. (Iñigo URIZ-ARGAZKI PRESS)

Auzoko gune eta toki desberdinetan jarriko dituzte eskaera honi sostengua emateko sinadurak biltzeko orriak. «Plaza honi modu herrikoiaz ‘Unairen Txokoa’ bataiatu zitzaionari ‘Unai Salanueva plaza’ izenaren aitortza ofiziala ematea eskatzen dugu. Txantrea histoririko auzo borrokalaria izan da. Pertsona eta kolektiboen lanari esker auzo solidarioa eta konprometitua eraiki dugu. Gauzak horrela, injustiziei aurre egiteko borroka eredu den gure auzokide Unai gogoan izan dezagun goazen denon artean aurrean dugun aukerari bide ematera», azaldu dute.

Gogoratu dutenez, Unai Salanuevak «hamaika gaztek bezala Estatua espainiarrak inposatzen zeun soldaduskari uko egin zion desobedientzia eta intsumisioren bidez. Honek ondorioak ekartzen zituen: jazarpen poliziala, atxiloketa aginduak, epaiketak eta espetxe zigorrak. Unairen heriotza zigor horren ondorio larriena izan zen».

izan ere, 1997ko otsailaren 10ean Salanuevan bere burua hil egin zuen espetxera bueltatu behar ez izateko. Hirugarren gradua zuen eta egunez espetxetik atera ahal zen, baina gauero itzulo behar zen. Jasanezina egin zen berarentzat. Garai haietan Iruñeko kartzelan intsumisioarekin bat egin zuten gazte ugari zeuden.

«Guk eta ondorengo belaunaldiek ez dute ahaztu behar Unaik eta besta hamarkada gazteren borrokak eman zituen fruituak: garaipena, Herriaren indarra eta Estatuak amore ematea posible direla», gaineratu zuten.

Eskaera hau Unai Salanuevari egindako omenaldiaren ondoren egin dute. Hildako intsumituaren senideek lore sortak jaso dituzte eta aurreskua dantzatu diete. Bertan bildutakoen artean Iruñeko alkate Joseba Asiron eta EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurrea izan dira.