NAIZ
BILBO

150 artistek hartuko dute parte eta 10 lan estreinatuko dira III. Loraldian

Loraldia jaialdia martxoaren 7an hasiko da Arriaga antzokian, Tartean Teatroa taldearen lan berriaren munduko estreinaldiarekin, eta apirilaren 8an amaituko da Mikel Urdangarinen disko berriaren zuzeneko aurkezpenarekin. Diziplina artistiko guztietako euskarazko 28 ikuskizun, bi ekoizpen propio eta 150 artisten parte-hartzea izango da.

Loraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Bilbon. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Loraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Bilbon. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Martxoaren 7tik apirilaren 8ra ospatuko da Loraldia jaialdiaren hirugarren edizioa. Gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Azkuna Zentroan, eta azaldu dutenez, «kultur emozioz betetako» egunak izango dira, eta bertan diziplina artistiko guztietako euskarazko 28 ikuskizun, bi ekoizpen propio eta 150 artisten ekarpenak izanen dira ikusgai.

Jaialdia Bilboko hainbat gunera zabalduko da: Arriaga antzokia, Campos antzokia, Azkuna Zentroa, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Pabellón 6, Elkar Dendak, Kafe Antzokia, Café Bilbao eta Biba aretoa.

Zubia izanen da hirugarren edizio honetako ikurra. «Izan ere, datei erreparatuta, neguaren eta udaberriaren artean egingo baita, eta gainera, kulturen arteko lotura izateko asmoarekin sortu da», adierazi dute antolatzaileek ohar baten bidez. Iparramerikako folk aitzindaria, Penintsulako surrealismoa, musika zelta edota Londreseko hip hopa aurkitu ahal izango dira jaialdian. Imanol Agirreren zuzendari artistikoaren esanetan, «kultur zubiak gara, sormena eta lan kooperatiboa batera doazela uste dugu».

«Hari-harian ibiliko gara, arriskuak onartu ditugu. Baina geure egiten dugu Benito Lertxundik esandakoa, Beste Ez Dok Amairu bat behar da, eta norabide horretan ari gara arraunean, modernitaterantz», gehitu du.