NAIZ
GASTEIZ

Ikasle presoei babesa adierazteko Osnyra martxa egingo dute apirilaren 6an

Ikasle Presoen Sostengurako Taldeak Osnyko espetxera martxa antolatu du apirilaren 6an, ikasle presoei elkartasuna adierazi eta «jasaten ari diren jazarpena» salatzeko.

Ikasle presoen sostengu taldeek Gasteizen egin dute agerraldia.
Ikasle presoen sostengu taldeek Gasteizen egin dute agerraldia.

Agerraldia egin du gaur arratsaldean Gasteizen Ikasle Presoen Sostengurako Taldeak, heldu den apirilaren 6an Osnyko espetxera antolatu duen martxaren berri emateko.

Horrekin batera, kartzela horretan dauden Julen Mendizabal eta David Plari gertatua salatu dute, izan ere ikasteko beharrezkoa duten materiala «blokeatu» egin diete eta ikasteko duten eskubidea «bertan behera geratu daitekeela mehatxu egin diete».

Agerraldian nabarmendu dutenez, ikasle presoen egoerak «negargarria» izaten jarraitzen du eta oraindik ere soilik Estatu frantsesean espetxeratuta dauden euskal preso politikoek ikasi dezakete EHUn, eta bakarrik gradu jakin batzuk.

Horri gehitu behar zaizkio azterketak egiteko dituzten «zailtasun argiak, apunteak eskuratzeko ezintasuna, UPVren zein beste instituzionen pasibotasun garbia, ikasketa tasak osorik ordaindu beharraren kostu ekonomikoa, tutoretzak edukitzeko ezintasuna...». Espetxeko funtzionario nahi zuzendariengandik jasaten dituzten «tratu txarrak» ere aipatu dituzte, eta horrek guztiak eragiten duen «etsipena, agobioa eta min psikologikoa».

Honen guztiaren aurrean ikasleek «erantzun zuzena» eman behar dutela adierazi dute eta horretarako Osnyra martxa antolatu dute apirilaren 6rako. Ikasle eta gazte mugimenduetako kideei dei egin diote martxan parte har dezaten.