Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Gaurko eta biharko Donostia, eztabaidagai

Azkenaldian hirian izan diren aldaketek sortutako kezkak bultzatuta, eztabaida-topaketa antolatu dute hainbat elkartek datorren astebururako. Etorkizuna lankidetzan eraikitzea da helburuetako bat.

Donostian etengabeko aldaketak gertatu dira azkenaldian eta honek eztabaida eta hausnarketarako gogoa piztu du eragile eta hiritarren artean. «Nolako Donostia amesten duzu?» galderatik abiatuta, topaketa irekia antolatu du datorren astebururako Politki elkarteak hiriko beste erakunde batzuekin batera.

Egiako Aitor Ikastola topaleku hartuta, Guneak Zabaltzen ekimena hitzordu irekia izango da, bai parte hartzaileei dagokienez, baita gaien aldetik ere. «Donostiaren gaineko kezka sakonetik jaiotzen da (…). Bizi garen hiria elkarrekin sortu eta hobetzeko ideiak ekartzea» da asmoetako bat, Maria Alonsok eta Jon Martinek adierazi zutenez.

Hitzordua datorren asteburuan izango da, bi egunez: martxoaren 11n eta 12an. Larunbateko saioa 10.00etatik 18.00etara izango da, baina «bi oinen legea» indarrean egongo da; gau da, bakoitzak emateko edo jasotzeko duena amaitu dela uste duenean, alde egiteko askatasun osoa izango du. Igandeko saioa goizez izango da, 10.00ak eta 14.00ak bitartean.

Topaketaren metodoa Gune Irekia edo Open Space delakoa izango da: elkarrizketa publikoa da eta eguneko agenda unean bertan osatuko da, parte hartzaileek mahai gainean jarriko dituzten gaiekin, edozein dela, bakoitzaren kezka handienetik txikienera. Ondoren, eta gaika antolatuta, taldeetan horiek guztiak eztabaidatuko dira. Ekimenaren bigarren egunean jasotako ideia, iritzi eta ekarpen guztiekin txostena osatuko da, eta hiriko eragile eta erakundeei igorriko zaie.

Helburua, Alonsoren hitzetan, leku publikoan pil-pilean dauden gaiak partekatzea da eta bertan eztabaidatzen dena «Donostiako termometroa izatea».