Lasaitu ederra hartuko zuten Bengoetxea VI.a-Larunbek eta Elezkano-Zabaletak telebistari begira: finalerdietara sailkatuta daude bihar Tolosan elkarren aurka jokatu beharreko partidaren aurretik, Altuna III.a-Barriolaren gaurko garaipenaren ostean.
Garaipenak hurrengo faserako sailkatzen zituen Ezkurdia-Merino II.a eta oso ondo ekin diote partidari. Merinok ondo agindu du atzean pilotari abiadura sartuz, eta Ezkurdiak ere tanto batzuk egin ditu. Denak ondo bideratuta zirudien bikote gorriarentzat, baina partidak buelta handia izan du.
Aurrean, Joseba Ezkurdiari gantxoak funtzionatu ez dion bitartean, Jokin Altunak izan dituen aukera ia guztiak amaitu ditu erasoan eta, atzean ere, Abel Barriolak gora egin du nabarmen, pilotak gastatzen joan diren eran. Zazpinakoa izan da partidako berdinketa bakarra eta une horretatik aurrera presioak gain hartu dio katedrarentzat oso faborito zen bikoteari.
Lagunak lehiaketatik kanpo utzi badituzte ere, erabateko profesionalak direla erakutsi dute, beste behin, Altuna III.ak eta Barriolak eta Leitzakoak garaipen batez agurtu du bere ibilbidea txapelketetan.