NAIZ
BILBO

‘Pello Irazu. Panorama’ erakusketa ekainaren 25era arte ikusgai izango da Guggenheim Museoan

Guggenheim Bilbao Museoak ‘Pello Irazu. Panorama’ erakusketa aurkeztu du, publikoarentzat bihar irekiko dena eta ekainaren 25era bitartean bisitatu ahal izango dena. Eskultura garaikidearen berrikuntzako protagonisten artean dagoen artistaren 30 urteko ibilbidearen analisia da erakusketa.

Pello Irazu artista andoaindarra, erakusketaren aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Pello Irazu artista andoaindarra, erakusketaren aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Erakusketaren aurkezpenean izan dira Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendaria, Pello Irazu artista andoaindarra eta Lucia Agirre, erakusketaren komisarioa.

Erakusketaren izenburuak adierazten duenez, atzera begirako erakusketek hartzen duten iraganerako joera baino gehiago, «norabide anitz» jasotzen dituen ikuspegia izango da. «Denbora espazioaren baitan tolesten da, eta nolabaiteko paisaia bat eskaintzen du», adierazi dute.

Ehundik gora lanek osatzen dute erakusketa, eta artista andoaindarrak berak taxututako gune kontzeptual eta fisiko baten bitartez artikulatuko da. Gune horretan Irazuren ibilbideko mugarriak eta lanik garrantzitsuenak bilduko dira.

«Iragana eta etorkizuna orainaldi jarraituan berriz aurkitu eta berritzea ahalbidetzen duen bat bateko begirada sortzea da erakusketaren asmoa. Museoaren 105. aretoko hormek ikuslea biltzen dute, eta parte hartzaile izan dadin eta eskultura lengoaiaren inguruko gogoeta egin dezan laguntzen dute», azaldu dute.

Pello Irazu (Andoain, 1963) oso artista garrantzitsua da gaur egungo panorama artistikoan, eta 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egun arte doan lan koherente bat garatu du. Bertan, eskultura –zentzu zabalean: hiru dimentsioko pieza txiki txikiak, objektuen hibridoak eta instalazio handiak–, argazki, marrazki eta horma irudiekin txandakatzen ditu.

Erabilitako diziplina edozein izanik ere, Irazuren lanak «sakon jorratzen ditu gure gorputzen, objektuen, irudien eta espazioen arteko harreman anitzetatik sortutako arazoak».