NAIZ

EiTBko erredakzio kontseiluak 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioa eskuragarri jartzea eskatu du

‘Euskalduna naiz, eta zu? saioaren inguruan sortutako polemikaren aurrean, EiTBko erredakzio kontseiluak «erabilera alderdikoia eta interesatua» salatu du. Sare sozialetan zabaldutako «muntaia» besterik ez dela adierazi dute eta berriro ere edukiak bere osotasunean eskuragarri jartzea eskatu.

‘Euskalduna naiz, eta zu’ saioaren defentsan atera da erredakzio kontseilua. (EiTB)
‘Euskalduna naiz, eta zu’ saioaren defentsan atera da erredakzio kontseilua. (EiTB)

EiTBko erredakzio kontseiluak 'Euskalduna naiz, eta zu?' telebista saioaren emisioak eragindako polemikaren aurrean egin den «erabilera alderdikoia eta interesatua» salatu du. Adierazi dutenenz, «entretenitzea helburu, klitxeak eta aurreiritziak modu barregarrian erabiltzen dituen saioa da», eta  «beste inolako asmo txarrik gabe» egindakoa dela nabarmendu.

Jaso dituen salaketa publikoen aurrean, «adierazpen askatasunaren defentsa irmoa» azpimarratu nahi izan dute.

EiTBko zuzendaritzak saioa plataforma guztietatik kentzea erabaki zuen eta hartutako erabakien desadostasuna adierazi dute. «Horren ondorioz, sare sozialetan zabaldutako muntaia besterik ez dago eskura eta, horrela, saioa ezin da bere osotasunean aztertu eta baloratu». Honen aurrean berriro ere edukiak bere osotasunean eskuragarri jartzea eskatu dute.

Era berean, «elkartasuna» helarazi diete saioaren ekoizpen eta errealizazioan parte hartu zuten profesional eta kolaboratzaileei.