Iraia OIARZABAL
BASAURI
Elkarrizketa
MARI LUZ ESTEBAN
EHU-KO ANTROPOLOGIA IRAKASLEA

«Hitz potoloak erabiltzen ditugu, baina hori da estrategia emakumeengana heltzeko?»

Pedrosa de Valdeporresen jaioa, 1959an, Euskal Herrian feminismoaren erreferenteetako bat da Mari Luz Esteban EHUko Antropologia irakaslea. Basauriko Emakumeen Taldean eman zituen lehen urratsak feminismoan eta ordutik sakonean jorratu eta aztertu du arlo hau.

“Feminismoa eta politikaren eraldaketak” liburua argitaratu berri du Mari Luz Estebanek Lisipe bildumaren bigarren ale modura. Bertan, azken hamarkadetan feminismoan eta politikan izan diren aldaketak aztertzen ditu. Feminismoa aro berri baten sarreran egon daitekeela aipatzen du GARArekin izandako elkarrizketan, nahiz eta ez duen irakurketa zurrunik egin nahi, aldaketak, betiere, euskal gizartearen trantsizio egoerarekin lotuta daudelakoan. Hausnartu eta usteak zalantzan jartzeko liburua da berea.

Gauzak horrela, gaur egungo feminismoaren ezaugarriez galdetzerakoan, berak liburuan erabilitako hainbat ezaugarri baliatzen ditugu. Hain zuzen, euskal feminismoa unitarioa, horizontala, herritara eta antisistema izan dela aipatzen du. Balio al dute gaur egun kualitate horiek? «Zaila egiten zait esatea. Unitarioa esango nuke baietz, kapaz gara denak batera agertzeko momentu jakin batean. Adibidez, indarkeria matxistaren kontra edo abortatzeko eskubidearen alde», hasten da. Herritar izaerarekin ere ez du zalantza handiegirik. «Esango nuke herritarrak ere bagarela, feminismoa oso errotuta dago gizarte zibilean», adierazten du.

Presentzia orekatu

Ñabardurak horizontaltasunaz eta sistemaren kontrako posizioaz hitz egitean agertzen dira: «Horizontala eta antisistema ez nuke esango ez denik. Esango nukeena da fenomeno berria ere sortu dela zentzu horretan. Horizontaltasunari lotuta iruditzen zait lehen baino gehiago izen propio batzuek hartu dutela, edo hartu dugula –ni ere hor nago– presentzia, eta horrek ekartzen du ez dakit desoreka, baina bai egoera berri bat». Horren harira, azaltzen du hainbat emakumek komunikabideetan irabazitako presentzia mugimenduaren izenean baino gehiago ematen dela ahots propioarekin. «Elite batzuk sortu dira. Hori ona da baina orekatu egin behar da, bestela arrisku bat da», azpimarratzen du.

Diskurtso feministak izandako hedapenari buruz, argi adierazten du teoria lantzearen garrantzia, baina praktikarekin deskonexioa gertatzen ez den artean. «Pentsatu daiteke feminismoa jorratzea dela bakarrik ideiak sortzea eta ez nago ados horrekin. Ideiak inportanteak dira, proiektuak inportanteak dira, baina hori praktikan frogatu behar da. Horrek zerikusia du gure gizarte osoarekin, adituen sistema honekin. Feministak horretan ere bagaude. Joera dago pentsatzeko adituek dituztela gakoak aurrera egiteko. Batzuetan bai eta batzuetan ez. Horregatik diot politika feminista bat egiteko gaitasun asko behar direla», hausnartzen du.

Boterea eta kontraesanak

Antisistema izaerarekin antzeko zerbait gertatzen zaiola gaineratzen du jarraian. «Iruditzen zait antisistema bagarela eta aldaketa bat nahi dugula. Gizarte zibilari oso lotuta gaude, baina aldi berean gutako asko lotuta gaude administrazioarekin. Edo aldi berean gaude, ni neu bezala, unibertsitatean lanean eta elkarte batean. Antisistema naiz? Hori aldatu da».

Emakumeak botere karguetara iristea edo politikari feministen areagotzea feminismoak egindako aurrerapausoen zantzua dela aipatzean ados dator Esteban, nahiz eta zalantzaren bat edo beste agertu bere hitzetan. «Politikaren feminizazioaz hitz egiten da gero eta gehiago baina oso hasieran gaude. Nekane Balluerkak berriki egindako hitz-hartze batean esaten zuen sistema hau eginda dagoela boterean gizonak egoteko. Ia-ia ematen du emakume bat dagoenean akats bat gertatu dela, zerbait gaizki atera zaiela. Gustatu zitzaidan ideia hori, oraindik akats bat gara», dio. Egiteke dagoen hori guztia kontuan hartuta, ardura karguetan dauden emakumeek mugimenduaren babesa eta kritika behar dutela gaineratzen du.

Hausnarketari helduz, zalantzan jartzen ditu botereari eta instituzioei lotutako hainbat uste: «Batzuetan pentsatzen dut agian ez garela hainbeste egon behar instituzioetan, ez dut ikusten gure helburua derrigorrez hori izan behar denik. Kalean ere jarraitu daiteke. Feminismoaren kasuan adibidez, behar duguna da iritzi publikoa aldatzea. Eta horretarako ez bakarrik goitik, besoz beso ere aritu behar da». Instituzionalizazioarekin jarraituz, zera gaineratzen du, «protokolo eta legeek bakarrik ez dute aldatzen mundua».

Hala, erakunde eta herri mugimenduen artean gutxieneko distantzia bat mantentzea komenigarria ikusten du: «Oso inportantea iruditzen zait ahalik eta instituzioetatik autonomoena den mugimendu bat mantentzea, berdin dit erakunde progresista edo ez progresista izan. Oso erraz neutralizatzen zaitu. Eztabaida hori oso interesgarria izan da M15 inguruan, Podemos sortzean. Feminista batzuek argi eduki dute ez zirela sartuko erakundeetan».

Elkar ulertzea

Gizartetik gertu egoteari lotuta, diskurtsoen nolakotasunaz ere solastatu gara. Hedatuz joan den heinean, aberastu ere egin da teoria feminista baina horrekin tentuz ibili beharra nabarmentzen du. «Gero eta hitz potoloagoak erabiltzen ditugu baina guk nahi dugu heldu emakumeengana. Hau da estrategia onena? Batzuetan gero eta sofistikatuagoa da gure teoria, baina helburua guztiengana heltzea eta zer nahi dugun ulertzea da. Teoria landuak ere behar dira, baina dena hori bada nik uste dut ez garela asmatzen ari», azaltzen du.

Hargatik, fokua feminismoa egiten ari denaren ebaluazioan jartzen du. «Ebaluatu dezagun egiten ari garena eta ez badu balio aldatu dezagun. Oso gauza ezberdinak egin behar dira: ez dago formula bakarra. Politika feminista egiteko ez dugu denak udaletan edo elkarteetan egon behar. Toki ezberdinetan egon gaitezke, garrantzitsua da ze lotura ditugun gure artean. Iruditzen zait Euskal Herrian loturak ditugula, ziur asko gizarte txikia garelako», gaineratu du.

Zaintza eta indarkeria

Praktikara salto eginez, lehentasunen artean hiru agertzen dira nahitaez, arestian landutako botereari lotutakoa, indarkeria matxista eta zaintza. Goazen banaka. Indarkeria matxistaren arloan gauza asko egiten direla nabarmentzen du. «Batzuk oso inportanteak, adibidez autodefentsa tailerrak, baina borroka moldeez hausnartu behar da eta esperimentatu, ematen du gauza batzuek muga jo dutela. Adibidez, elkarretaratzeak, egiten jarraitu behar dugu baina iritsi da momentu bat denok gaudela hor, herritar eta erakundeak. Iruditzen zait jauzi bat eman behar dela, zerbait kontundenteagoa egiteko momentua heldu da», iradokitzen du. Horrez gain, legearen inguruan eta, honen baitan, zigorraren eta erreparazioaren inguruko hausnarketa egitea garrantzitsua iruditzen zaio.

Eta zer esan zaintzari buruz? Aste honetan bertan Martxoaren 8aren harira argitaratutako datuek erakutsi dute oraindik ere emakumeen bizkar gainean dagoen zeregina dela eta ezberdintasunean sakontzen duela, ertz ezberdinetatik gainera. «Egia da feministok egin dugula diagnostiko bat eta asmatu dugula hori gure agendaren erdigunean jartzen», hasten da Esteban galdetzen diogunean, baina auzi honek hausnarketa eta eztabaida sakona behar dituela ohartarazten du.

Zaintzaren «sentimentalizazioak» eta terminoak berak duen «genero-markak» berau emakumeen gain jartzeko arrazoi direla azaltzen du Estebanek liburuan. «Zaintzaren sentimentalizazioak kezkatzen nau. Ondo mugatu behar da zer den zaintza eta zer ez. Esaten dugunean bizitza politikaren erdigunean jarri behar dela, argi eduki behar dugu dena ez dela zaintza. Kontzeptualki ere aldatu beharko litzateke, nik proposatzen dut elkar babesteaz hitz egitea eta ez hainbeste zaintzaz», azaltzen du.

Aro berri baterantz

Euskal Herriko testuinguru politikoari erreparatuta, Euskal Herria konponbide prozesuan aurrera egin nahian dabilela, Itun Feminista berri baten beharra aipatzen du liburuan «mota guztietako eskubide urraketak benetan integratuko dituena, harreman eta ezberdintasun ekonomiko eta sozialei dagozkien gaiak ere erdigunean txertatuta».

Beste eztabaida bat ere jartzen du mahai gainean erakundetzearekin lotuta, estatugintza feministari dagokiona. «Bilgune Feminista eta beste elkarte abertzale batzuek proposatzen dute erakundetze feminista, lidergo feminista goitik eta behetik. Euskal estatu bat sortzen bada feminista izan behar da. Nire energia feminista eta askorena, momentuz behintzat, ez dago hor, baina ondo ikusten dut, ideia interesgarria da. Eskatuko niekeena da, estatugintza feministaz hitz egiten dutenean zertaz ari diren azaltzea, nola lortuko dugun hori. Estatu independentea ez dakit lortuko dugun baina feminista, nola? Oso ideia teorikoa iruditzen zait. Ulertzen dut, hala ere, gazte asko oso liluratuta dagoela ideia horrekin», gaineratzen du.

Ideiek sor dezaketen lilura hori mugimendu izaerarekin eta ekintzekin uztartzeko beharraz ere aritu da jarraian. «Mugimendua ez da bakarrik egiten norbaitek bere burua feminista izendatzen duelako. Nahikoa da sare sozialetan zerbait irakurtzea edo hitzaldi eta jardunaldi batera joatea? Nire ustez ez. Desoreka hori ere sortu da Euskal Herrian», gaineratzen du.

Hala, konplizitatea bilatzeko deia luzatzen du. «Feminismoan jarrera ezberdinak daude, baina denak dira beharrezkoak. Badakit ere gizonak beharrezkoak direla, gure konplizeak direla, gu bezain feministak, eta hor daude. Jarrera hori badaukat».