Gaur amaitu da Bizkaiako Entzutegian, Sandra Barrenetxea torturatzea leporatuta, lau guardia zibilen aurkako epaiketa. Honen harira, Oñatiko Udaleko Barrenetxearen lankideek babesa helarazi diote ohar baten bidez. «Hainbat bileratan elkarrekin egon gara erasotzen eta erailtzen gaituen indarkeria matxistari zelan egin aurre hausnartzen. Horri erantzuteko eztabaidak, proposamenak eta estrategiak elkar konpartitu ditugu, eta gaur, zuri gertatukoaren aurrean ezin gara mutu geratu», adierazi dute.
Tortura testigantzen aurrean ondoan izan direla adierazi nahi izan diote. «Egia diozula badakigu, eta zure ausardiagatik guretzat eta beren erasotzaileak salatzea erabaki duten emakumeentzat erreferente bihurtu zarela jakin dezazun nahi dugu». Era berean, «emakumeen testigantzak zalantzan jartzen dituen indarkeria instituzionalari ere» aurre egin behar izan diola nabarmendu dute, honek «erasotzaileen inpunitatea eta konplizitatea areagotu» egiten duela salatu dute.
Kasu berezi honetan, erasotzaileak funtzionario publikoak direla azpimarratu dute. «Horregatik guztiagatik, Sandra, gure elkartasuna eta babesa erakusteko eta bakarrik ez zaudela esateko zuri idaztea erabaki dugu, eta bat ukitzen badute guztiok ukitzen gaituzte!», amaitu dute.