NAIZ

%20 hazi da Errigoraren kontsumitzaile kopurua

Amaitu berri da Errigorak udaberrirako sustatu duen ‘Uztaberria’ kanpaina eta emaitzekin pozik da ekimen herritarra. 6.000 etxetan, iaz baino %20 gehiago, banatuko dituzte kanpaina honetako olioa eta kontserbak. 86.500 litro eta 208.000 ontzi kontserba, hurrenez hurren. Olioa apirilaren hasieran banatuko dute herriz herri eta kontserbak ekainaren hasieran.

‘Uztaberria’ kanpaina sustatzeko hedatutako argazkietako bat. (@errigora)
‘Uztaberria’ kanpaina sustatzeko hedatutako argazkietako bat. (@errigora)

6.000 etxe, 86.500 litro olio eta 208.000 ontzi kontserba; horiek dira Errigoraren ‘Uztaberria’ kanpainaren emaitzak. Kontsumitzaile kopurua %20 igo da, olio eskaria %15 eta kontserbena %30. Emaitzarekin aseta agertu da Errigora hedabideei igorritako oharrean.

Aurtengoa inoizko eskaintzarik zabalena izan dela nabarmendu du Errigorak, eskaintza bikoitza izan baita, ohikoa eta ekologikoa. Eskaintzari bide emateko ekoizle gehiagorengana jo dutela azpimarratu dute. Kanpaina «bizia, koloretsua eta emankorra» izan dela ere goraipatu dute, ekoizleen hazkuntzarekin bat boluntario sarea ere zabaldu egin delako eta baita kontsumitzaile kopurua ere. 

Banaketari dagokionez, apirilean ekingo diote olioarenari eta ekainaren hasierarako iragarri dute kontserba-loteen banaketa.