NAIZ
BAIONA

Oier Gomezen kasuaren harira bilkura eskatu dio Alauxek Urvoas Justizia ministroari

Cecile Duflot diputatu ekologistarekin batera larriki gaixo dagoen Oier Gomez preso gasteiztarrari bisita egin ondoren, Sylviane Alaux Alderdi Sozialistako diputatuak bilkura eskatu dio Jean-Jacques Urvoas Justizia ministro frantsesari.

Sylviane Alaux eta Cecile Duflot diputatuak, Oier Gomez bisitatu zutenean.
Sylviane Alaux eta Cecile Duflot diputatuak, Oier Gomez bisitatu zutenean.

Iragan martxoaren 22an, Paristik hurbil dagoen Pitie Salpetriereko espetxean Oier Gomezi bisita egin zioten Asanblea Nazionaleak diputatu diren Sylviane Alaux (PS) eta Cecile Duflot (Europe Écologie Les Verts).

Erwing motako sarkoma bat dauka preso gasteiztarrak, garatuta, eta metastasiak atzeman dizkiote burezurrean eta pelbisean.

Diputatuek espetxeetan sartzeko eskubidea daukate eta, hortaz, aldez aurretik jakinarazi gabe Oier Gomezi egin zioten bisita eta presoa artatzen duten medikuekin hitz egiteko parada izan zuten.

Alauxek berak azpimarratu zuenez, Gomezen tratamendua bateraezina da espetxean egotearekin. «Estatu frantsesak asko irabaziko luke Oierren kondena bertan behera utziko balu», adierazi du Alauxek, Kazetak berri eman duenez.

«Bisitatzera joan naiz, arriskuan dagoen pertsona delako. Kondenatua da, bai, baina gaixorik dago», esan du.

Bisitaren ostean, hilaren 27an gutun bat igorri zion Alderdi Sozialistako diputatuak Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroari, bilkura bat eskatzeko.

Lorentxa Guimonen kasuan ere elkartasuna adierazi zion Alaux diputatuak.