A argazkian ezkerrean ageri dena ezagutu ezagutuko duzue. Oier Sanjurjo Osasuna taldeko kapitaina da. Info7k eta NAIZek astelehenean abiatuko duten erreportaje sailaren lehen protagonistari so ditu begiak. Bere ama da, Ana Mate, Segoviakoa jaiotzez.
Gaztetan etorri zen Ana Iruñera magisteritza ikastera. Bertan ezagutu zuen senarra, lesakarra; «hor hasi nintzen euskara ikasten, gau eskolan lehenbizi eta senarrarekin gero etxean». Kostata, «nor-nori-nork ez dut inoiz ahantziko», dio ia euskara zaila den galdetuta, eta buruarekin gora eta behera zorrotz egiten du, aurpegia okertuz. Barnetegi pare batean izan ostean, «etxera itzuli eta euskaraz hitz egiten hasi nintzen berehala». Ez jakitetik jakiterako bidean azken mugarria Lizarrako lankide batek jarri zion: «alabari ‘bronka’ euskaraz botatzen badiozu, kito, badakizu euskaraz».
Eredu du Oier kapitainak ama; «pentsa zer den garai hartan euskaraz ikastea, Nafarroan eta segoviarra izanik!». Euskaldun hezi ziren anai-arrebak; «gutxiengoa ginen baina etxean beti izan dugu presente euskaraz ari ginela eta harro ginen, joan garen leku guztietan euskaraz egin dugu».
1980ko lehen Korrika hura abenduan eta elurretan igaro zen Lizarratik. «Afaria antolatu genuen itxaroteko eta 03.30ak inguruan pasa zen, izugarria izan zen», gogoan du Anak lehen edizio hura, baita alabak 5 urte zituenean lekukoa eraman zuenekoa ere, edota orain bi urte kilometroa erosi eta familia eta lagun denek elkarrekin egin zuten kilometroa. Ez du hutsik egin aurten ere.
Lizarraldean euskarak izan duen garapenean ezinbesteko katebegia da Anak aspaldian lantoki duen Lizarrako ikastola. Euskara hartu zuen, euskara eman zien seme-alabei eta euskara ematen jarraitzen du biharko euskaldunen faktorian.
Astelehenetik aurrera NAIZen eta Info7 irratian, euskarak eta Korrikak berarekin dituen istorioak, 20. edizioaren lekukoak daramatzan istorio #batzuk.